[ARGAZKI GALERIA] Diskriminaziorik gabeko harrera eskatu dute Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean
Andra Mari Zuriaren plazan bildu dira dozenaka pertsona, errefuxiatuen eskubideen alde. Migratzaileak salbu heltzeko bermeak eskatu dituzte.
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a, eta Gasteizen, Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte gaur errefuxiatuen egoera salatu eta harrera duina eskatzeko. Dozenaka pertsona bildu dira arratsaldeko 19:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Bertan gogora ekarri dituzte duela urtebete Melillan hildako hamarnaka pertsonak, eta jasandako polizia indarkeria salatu dute. Adierazi dute mugen externalizazioa eta militarizazioaren ondorioz asko zailtzen zaiela egoera beren herrialdeetatik ihes egin behar izan duten pertsonei. Migrazio mugimenduak kriminalizatzea ere kritikatu dute.
Zehar Errefuxiatuekin elkarteak txosten bat aurkeztu du Errefuxiatuen Egunean, EAEn bizi diren errefuxiatuek jasaten duten diskriminazioa erakusteko. Poliziak indarkeriaz tratatzen dituela salatu dute. Azaldu dute poliziaren partetik jasan behar izaten dituztela etxe kaleratzeak, atxiloketa “selektiboak”, agintearen gehiegikeriak eta auzi administratiboetarako oztopoak. Bestalde, etxebizitza lortzeko orduan higiezin enpresa zein jabe partikularrek jarritako zailtasunak kritikatu dituzte, alokairura sarbidea oztopatuz edo gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak eskainiz. Bankuen aldetik bereizketa jasaten dutela ere salatzen dute txostenean, kontuak zabaltzeko arazo asko izaten dituztela eta horrek asko zailtzen diela ordainketak egin edo diru-laguntzak jasotzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!