Aramaioko lehen kopla txapelketa, urriaren 19an
Bertso eskolak antolatuta, hamabi bertsolarik parte hartuko dute; arratsaldean jokatuko dira bi finalerdiak, eta sei bertsolari onenek lortuko dute finalerako sailkatzea. Finala Iturrieta sagardotegian izango da, afalostean, musikaz lagunduta.
Goiena.eus bidez
Azken urteetan herrira bi bertsolari gonbidatuta hasi izan du Aramaioko Bertso Eskolak ikasturtea, baina aurten “zerbait desberdina” prestatu nahi izan dute, eta kopla txapelketa izango da hori, “kurtsoa indarberrituta hasteko modu bat”, Xabi Igoaren arabera: “Badaramatzagu urte batzuk herriko bertsobizitza astintzen. Urtero ditugu hainbat hitzordu finko –Gabonetako saioa, Santa Ageda batzea…–, baina gustatzen zaigu gauza bereziak antolatzea ere”.
Hamabi bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, herrikoak eta Aramaiorekin muga egiten duten udalerrietakoak: Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Martin Abarrategi, Aitor Ugarte eta Andere Arriolabengoa, batetik; Otxandioko Aitor Esteban, Abadinoko Txaber Altube, Arrasateko Jokin Labaien eta Ane Zuazubiskar, Aretxabaletako Martin Berrizbeitia, Eskoriatzako Haizea Arana eta Oñatiko Maider Arregi –muga kontuei dagokienez, salbuespena–, bestetik.
18:30ean Goiko taberna parean eta 19:30ean plazan izango dira finalerdiak –sei bertsolari batean eta sei bestean–. Bikoteka ofizio bat egingo du bakoitzak, eta ariketako onena pasako da finalera. Finala Iturrietan izango da. 21:00etan afaria –izena emateko azken eguna, urriaren 15a; 615 73 92 55, Manex–, eta gero saioa. Bi ofiziotan jardungo du bertsolari bakoitzak, eta buruz burukoa egingo dute bi onenek. Musikaz lagundutakoa izango da finala: Jon Aranburu mandolinarekin, Ekaitz Aranberri gitarrarekin, Maialen Ballina panderoarekin eta Amaia Arregi trikitixarekin izango dira.
Lau talde bertso eskolan
Nagusien taldea eta beste hiru izango ditu aurten Aramaioko bertso eskolak. Nagusiena autodidakta da, eta besteei dagokienez, bitan Peru Abarrategi izango da irakasle eta bestean Martin Abarrategi eta Aitor Ugarte. Gaztetxoen taldeak antolatzerakoan, duten maila da irizpidea, adina baino gehiago. Nagusien taldea dozena inguru lagunek osatzen dute; herrikoak dira gehienak, baina bada Arrasateko, Aretxabaletako eta Otxandioko jendea ere. Denera 25-30 lagun batuko dira aurten Aramaion bertso eskolen bueltan –oraindik eman daiteke izena–. “Baina inguruan dagoen jendea ere garrantzitsua da: gai jartzaile, antolatzaile, epaile… 40 bat izango gara denera”, dio Xabi Igoak. Kopla txapelketa hasi aurretxoan egingo dute bertso eskolaren aurkezpena ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!