Araban ere gora egin dute gorroto delituek
Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, Araban ere pertsona arrazializatuei egindako erasoak dira erregistratu direnen artean gehienak, arabiar jatorrikoei batez ere.
Gorroto delituek gora egin zuten 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan: zehazki, %57 igo dira. Pertsona arrazializatuei egindako erasoak dira erregistratu direnen artean gehienak eta, batez ere, arabiar jatorriko pertsonek jasan dituzte.
EAEn erregistratutako gorroto gertakariak 438 izan ziren. Horien artean 56 izan ziren Araban, zortziren bat baino gutxiago. 2021ean baino gehiago izan dira, hala ere, 44 izan baitziren orduan.
Araban erregistratutako gorroto-delituen artean ere, eraso arrazistak izan ziren gehienak: 56tik 32 izan ziren arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotutakoak. Ondoren, sexu-orientazioari eta generoari lotuak: zortzina eraso jaso ziren gisa horretakoak; dibertsitate funtzionalagatik eta ideologia politikoagatik hiruna; eta aporafobiagatik eta sinesmen erlijiosoengatik bana.
Eusko Jaurlaritzak ateratako ondorioa da “esponentzialki” ari direla gorroto delituak gora egiten azken urteetan (2016an egin zuten lehen txostena), eta bereziki handia izan dela igoera azken urtean. Uste dute delitu gehiago erregistratu direla proportzioan, baina egin ere gehiago egin direla.
Hainbat ondorio jaso dituzte txostenean. Biktimak, oro har, 18 eta 50 urte bitarteko gizonak izan ohi dira, gehienak EAEn jaioak. Atzerritar jatorriko biktimei dagokienez, Afrikatik etorritakoak (%26,19 EAEn) eta Amerikatik etorritakoak izan ziren ( %16,05 Euskadin).
Erasotzaileen profil demografikoari dagokionez, gizonezkoak gehiengo zabala: %79,31-a. 40 urtetik beherako gazte-helduak izan dira orokorrean, espainiar nazionalitatedunak.
Gertakari gehien abuztuan erregistratu ziren (89), apirilean 46 eta maiatzean 45. Salatzen diren gertakari gehienak kalean egiten dira, ia erdia. Eremu pribatuan salatzen direnak etxebizitzan jazo ohi dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!