Arabako Errioxako eta Lautadako Correosen murrizketak salatu ditu LABek
Lau lanpostu desagertu direla salatu du sindikatuak.
Lautadan eta Arabako Errioxan Correos enpresako zerbitzua are gehiago murriztuko dela salatu du LAB sindikatuak, banaketa lanpostuen %30 desagertu baita –lau langile–. Banatu behar diren eremuak, berriz, handitu egin ditu Correosek eta kasu batzuetan ehun kilometrotik gora eta dozenaka herri hartzen dituzten zonaldeak ezarri ditu. “Ezinezkoa izango da eguneroko banaketa behar bezala egitea”.
Sindikatuaren iritziz, aldaketak zuzenean eragingo die administrazioei, epaitegiei edo osasun zerbitzuei, eman behar dituzten jakinarazpenak entregatzeko arazoak handituko baitira. “Arabako herrietan bizi diren pertsonak baztertzen dira”. Halaber, salatu dute lan-zama handiagoa kudeatu beharko dutela langileek, eta murrizketek arriskuan jartzen dutela langileen osasuna.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!