Araba eta Nafarroako hainbat Toki Erakundek ekimen instituzional bat jarri dute abian egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatzeko
Abiadura handiko linea berriek eragindako 35 Toki Erakundetako ordezkariek manifestu bat adostu dute, egungo trenbide-sarea birpentsatzeko unea iritsi dela ondorioztatuz, salgaien eta bidaiarien garraioari benetako irtenbidea ematearren.
Araba eta Nafarroako trenbide-korridoreko hainbat Toki Erakundek ekimen instituzional bat jarri dute abian egungo trenbide-azpiegituren modernizazioa bultzatzeko eta egungo trenbide-sarea birpentsatzeko, salgaien eta bidaiarien garraioari benetako irtenbidea ematearren, joan-etorrietako denborak hobetu eta lurralde-kohesioa eta egituraketa errazteko asmoz. Ekimen hau martxoaren 10ean egindako lehen topaketa baten emaitza da. Bertan, guztira, 35 Toki Erakundetako ordezkariek parte hartu zuten. Orduan, manifestu bat adostu zen, eta orain Miranda eta Iruñea artean proiektatutako abiadura handiko lineek eragindako korridoreko kontzeju eta udal guztietan eztabaidatzen ari da.
Kaltetutako herrietan eztabaidatzen eta onartzen ari diren manifestuan, Altsasun bertan adibidez, gogorarazten da abiadura handiko proiektuak “inoiz baino gehiago ari direla zalantzan jartzen erakunde eta instituzio asko”. Azkena Europar Batasuna izan da, Europa barneko garraio-sarearen araudiaren berrikuspenaren baitan proposatzen baitu abiadura handiko linea horien ordez egungo trenbide-azpiegiturak modernizatzea. Halaber, Europako Kontuen Auzitegiak ere adierazi zuen proiektatutakoa ez del 2030era arte amaituko, gainkostuak eta atzerapenak arau bihurtu direla, eta agindutako abiadurak ez direla lortzen ari, eta hortik ondorioztatu du horren guztiaren ondorioz Europako laguntza askoren xahutze larria sortzen ari dela, eta horrek arriskuan jartzen duela haien finantzaketa partekatua.
Egoera horren aurrean, ekimen hau sustatzen duten Toki Erakundeek konpromisoa hartu dute gizarte mugimenduekin batera lanean jarraitzeko, “gure lurraldearekiko
errespetuzko konponbidea eskuratu eta gure bizilagunen mugikortasun beharrak asetuko dituen soluzioa lortu arte”. Ildo horretatik, balioetsi egin dute herri plataforma guztiek egindako lana, gizartea tren publiko eta sozial baten alde informatu, sentsibilizatu eta mobilizatzeko helburuarekin, garraiobide iraunkor, herrikoi eta demokratiko gisa, eta gure lurraldeari ondorio larriak ekarriko lizkiokeen Abiadura Handiko Trenaren ezarpenaren alternatiba moduan, honek gizarte, ingurumen eta ekonomia kalte itzulezinak eragingo bailituzke.
Gogora ekarri dute, halaber, trenaren aldeko herri plataformek eta Espainiar Estatuko tren arloko zentral sindikal nagusiek 2021eko maiatzean sinatutako akordioa, bertan Espainiako Gobernuari eskatzen baitzioten trenbidearen egungo trazadurak egokitu eta hobetzeko, baita egungo trenbide proiektuen plangintza birbideratzeko ere, horren ondorioz prestazio handiko trenak egungo korridore hobetu eta egokituetan zehar ibili ahal izan daitezen.
Azkenik, baina ez azkena, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotako 200.000 euroko partida azkar gauzatzea eskatu dute, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbideazpiegiturak hobetu eta egokitzeko informazio-azterlan bat idazteari buruzkoa, prestazio handiko trenen eta trafiko mistoaren (bidaiariak eta salgaiak) zirkulazioa ahalbidetzearren.
Araba eta Nafarroako Toki Erakundeen Manifestua (1)
Manifiesto Entidades Locales de Araba-Nafarroa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!