Apustuen gainetik, bizitza jokoan jartzeko unea
Ernai Gasteiz-ek Bizitza Jokoan kanpaina aurkeztu du aurreko egunetan hiriburuko joko-areto ezberdinen aurka egindako ekimenak bere gain hartuz. “Euren joko zikinari maskara kentzera goaz”.
Ernai Gazte Antolakundeak bere gain hartu du azken egunetan Arabako hiriburuko zenbait joko-aretotan agertutako markajeak, non Zer dago jokoan? margoketa ikus zitekeen pintura txuriarekin batera. Eta, ekimena bera bere gain hartzeko, beste ekimen bat egin dute, oraingoan, Errota auzoko Bingoaren eta joko-aretoaren aurka. Horretarako xiringak eta eskuorriak jaurti dituzte eraikinaren kanpoaldean, kanpaina berriaren leloa erakutsiz: Bizitza Jokoan. Gazte Antolakundeak agiri baten azaldu duenez, ‘Euskal Herrian Bizi’ dinamikaren baitan kokatzen da kanpaina.
Gasteizen gaur egun gutxienez dauden 35 joko-aretoak izan dituzte hizpide. “Datu kezkagarriak izanagatik ere, boteredunek makinaria guztia martxan dute jokoarekiko menpekotasuna areagotzeko. Sistema kapitalistak jopuntuan dituen kolektibo zahurgarriak gero eta modu bortitzagoan zapaltzen ditu, garaian garaiko erremintak baliatuz”.
Gazte Antolakundearen esanetan, apustu-etxeen gorakada ez da kasualitatea, ez eta hauen zabalkunderako erabiltzen duten publizitatea ere. Egungo datuei erreparatuz, lehen mailako gizonezkoen euskal kirol talde gehienek (diru sarrera gehien eragiten dituztenak) apustu-etxeren baten publizitatea daramate.
Salatu dutenez, apusturako erraminta berriak asmatu dituzte gazteriarengan eragiteko. Datuak ere azaldu nahi izan dituzte: hiru gaztetatik batek apustu egiten du.” Gazteon prekaritatea baliatuz, inoiz iritsiko ez den etorkizun oparo bat saltzen digute miseria hutsera kondenatuz. Azken apustu-etxeen kokalekua ere bide beretik doa; izan ere, auzo langileak jokoarekiko menpekotasunean murgiltzera behartu nahi gaituzte prekaritatetik ateratzeko esperantza salduz”.
“Joko zikinari maskara kentzera goaz”
Joko-aretoak eta apustuak 80.hamarkadarekin alderatu dituzte, heroinaren sunstiketarekin hain zuzen ere. Horregatik, Errota auzoko aretoan ere xiringak jaurti nahi izan dituzte hau irudikatzeko: “Modernizazioaren izenean, teknika erakargarriak baliatzen dituzte gazte langileon prekaritatea biderkatzeko”.
Instituzioek ere “sistema kapitalistak darabilen tresna hau” legitimatu eta jendartean zabaltzeko erabiltzen dutela gaitzetsi dute. Apustu-etxeek, eta beraz, jokoak ekar ditzakeen onurak saltzen dizkigute etengabe hedabide eta iragarkietan, opraktika honek uzten dituen ondorio latzei inolako aipamenik egin gabe”. Eta noizbehinka salatzen dituzten ludopatia kasuak “aurpegi zuriketa” besterik ez dira Ernai-ren esanetan, arazoaren erroari erreparatze ez diotelako.
“Gazteok argi dugu boteredunei 340 milioi euroko irabazia sortzen dion tresna honen legitimazioak ezin duela kasualitatea izan, are gutxiago erabaki horiek gazteon miseriaz baliatuz lortzen direnean. Horregatik, argi erakutsiko diegu ezingo dutela gure kontura euren poltsikoa bete, euren joko zikinari maskara kentzera goaz“.
Salaketak esparru ezberdinetan
Joko-aretoen aurkako kanpainak ez dira Ernai gazte Antolakundera mugatu. Judimendiko Gazte Asanbladak, adibidez, Auzoan Jokoz Kanpo txostena aurkeztu ostean, beste urrats bat ematea erabaki du. Hilabeteko azken ostegunero elkarretaratzea egingo dute auzoko joko-aretoaren aurrean: Olagibel 55-57 kalea.
Areto honek lau oinarri dituela salatuko dute horrela: “gazte adikzioa, langile esplotazioa, auzo bizitza hiltzailea eta droga trafikoa”. Kontzentrazioa 19:30ean izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!