Andrea Saez de Egilaz gasteiztarra kanporatu du Marokok, Saharara sartzera zihoanean
Saharako egoera soziopolitikoa gertutik aztertu nahi zuten. Pasaporteak eta mugikorrak kendu zizkieten atxikituta egon ziren zortzi orduetan.
Andrea Saez de Egilaz gasteiztarra eta Laura Moreno katalana kanporatu ditu Marokok, Saharan sartzeko asmoa zutenean. Saez de Egilazek Hala Bediri azaldu dionez, bertako egoera soziopolitikoa aztertu nahi duten, Saharako eragile ezberdinekin bilduz. Are gehiago, elkarrizketa batzuk hitzartuta zituzten. Gainera, “existitzen den blokeo informatiboa apurtzen lagundu” nahi zuten.
Behin Al Aiuneko aireportura iritsi zirenean, megafoniatik bi gazteen izenak aipatu zituzten: ezin ziren hegazkinetik jaitsi. “Saharako herriari” babesa emateko asmoa zutela argudiatuta, berriz ere Espainiako Estatura itzuli beharko zirela ohartarazi zieten: “Argi utzi nahi izan ziguten Al Aiun Maroko dela”.
Casablancakako aireportura joan ziren orduan, bertan ere, “presentzia polizial handiarekin”. “Euren buruak identifikatu gabe, gela batean sartu gintuzten, pasaporteak kenduz eta deiak egiteko debekua ezarriz”. Bi orduz egon ziren gela horretan: “Badakizue zergatik zaudeten hemen”, esan zieten Marokoko poliziek. Bartzelonara joateko bidaia haiek ordaindu behar zutela jakinarazi zieten; bi gazteek erresistentzia ezarri zuten orduan erabaki honen aurrean. “Ordaindu arte hemen egongo zarete; egun bat, bi egun, aste bat, hilabete bat … egongo zarete hemen, ordaindu arte”, esan zieten. Zortzi ordu baino gehiago egon ziren erretenituta, “komunera ere, poliziaz inguratuta joanez”.
Bartzelonarako hegaldia hartu behar izan zuten orduan. Behin Bartzelonara iritsi zirenean, ez zen pasartea amaitu. Izan ere, Al Aiunen, maletak jasotzeko paper bat eta kodigo bat eman zieten Maroko poliziek. Bartzelonara iristerakoan, faltsua zela esan zieten. Gaur egun, oraindik, ez dituzte maletak jaso.
Azken bi urteetan 100 ekintzaile baino gehiago kanporatu dituzte Saharatik, azken bien artean, Saez de Egilaz gasteiztarra. Gazteak adierazi duenez, “inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu lanean jarraitzea, Marokok izkutatu nahi duena kontatzea”. “Hori dela eta, norbanako eta kolektibo guztiak animatzen ditugu elkartasunean jarraitzera eta eskubide urraketa hauek salatzera”, gaineratu du Saez de Egilazek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!