Altsasu auziko bost preso Zaballako kartzelan daude jadanik
Aratz Urrizola, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz Arabako espetxean daude. Iñaki Abad eta Adur Ramírez de Alda, Iruñera.
Altsasuko auzian preso dauden zazpi gazteak Euskal Herriko espetxeetan dira jadanik. Altsasu Gurasoak-ek jakinarazi duenez, azken egunetan ekarri dituzte falta ziren hirurak: Iñaki Abad, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz. Zaballara (Araba) eraman dituzte Unamuno eta Arnanz; eta Iruñeko kartzelara eraman dute Abad.
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak abuztuan hasi zituen mugimenduak: 24an, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob Zaballara eraman zituzten, eta, astebete beranduago, Aratz Urrizola ere hara, eta Adur Ramírez de Alda, Iruñekora. Madril inguruko espetxeetan zeuzkaten zazpiak preso.
Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien auziko zortzi gazteei. Guztira, 79 urte, 2016an Altsasun (Nafarroa) taberna batean Guardia Zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako ustezko liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuelako. Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia “neurriz kanpokoa” delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu «terrorismo» delituagatik. Uda ondorengorako espero da epaileen deliberoa.
Elkartasun keinuak Araban
Epaiketa bitartean, aurretik eta ostean, mobilizazio ezberdinak egon dira Araban Altsasukoen askatasuna eskatzeko. Azkena, Gasteizko jaietan izan zen: bigarrenez, gazteen askatasuna eskatu zuten abuztuaren 9an.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!