Aldaketa ugari iragarri dituzte Otxandioko Gazte Egunean
Otxandioko X. Gazte Eguna ospatuko dute larunbatean, eta egitarau oparoa iragarri dute.
Hamar urte igaro dira Gazte Asanbladak lehenengo Gazte Eguna antolatu zuenetik, eta Asanbladako kideek azaltzen dutenez, urteko egunik garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du. 2009ko Gazte Egun horretatik urrun, baina aldi berean hurbil, gogotsu agertu da aurten asanblada.
Izan ere, X. urteurren hau modu berezian hasteko asmotan argazki zaharren proiekzioa antolatu dute ostiralean, asanbladaren esanetan “nondik gatozen oroitzeko, eta gure aurreko belaunaldiei aitortza bat egiteko asmoz”.
Jada tradizio bilakatu diren olinpiadak, bazkaria eta kontzertuak mantendu nahi izan dituzten arren, “egitarauari aldaketa bat” egitea izan da aurtengo asmoa. Horrela, ohikoa den bezala eguerditik hasi beharrean, goizeko bederatzi terdietan esnatuko dute herria, kalejira zaratatsu batekin Otxandioko kaleak alaituz, eta hau bukatzean gazte guztiak batera plazan gosalduko dute.
Urteroko txupinazoaz gain, Gaztetxe inguruak kolorez bustitzeko mural baten margoketa ere antolatu dute, eta bazkal aurretik trikipoteoa izango da.
Aurtengo bazkarian ere badaude berrikuntzak: normalean izaten diren ikuskizunak alde batera utzi, eta zerbait parte hartzaileagoa egiteko asmotan, bingo herrikoia antolatu dute. Olinpidadak ere ez dira faltako egitarauan, baina honen ondoren Brutality Sound Systemek girotuko ditu kaleak, urteroko elektrotxarangaren ordez.
Azkenik, Frac eta Rodeoren kontzertuak ere izango dira, eta amaitzeko Komando Klitorix gasteiztarrek eta Zuretzako Mezua, jamaikar musika zabaltzea helburu duen artisten kolektiboa emango diote amaiera gauari.
Egitarauan kale garbiketa ere sartu dute aurten, izan ere, urtero egiten den beharrezko lana den arren, ikusgarritasun gutxi daukan lana da, asanbladako kideek nabarmendu duten bezala: “Denok gozatzen dugu jaietaz, baina jai horiek aurrera eramateko behar den lana askotan ikusezina da. Jaiak herriarenak eta herriarentzat izan daitezen, denok hartu behar dugu konpromezu bat, guztion artean jai herrikoi batzuk eraikitzera bidean”.
Hala ere, gazte egunera bueltatuz, hainbat gazte hurbiltzen dira egun honen bueltako egitaraua antolatu eta ekintzak elkarlanean aurrera eramateko, eta asanblada pozik agertu da izandako parte hartzearekin: “hainbat gazte gogo handiz agertu dira gazte eguna antolatzeko, eta egitaraua gogo horien emaitza da”.
Egitaraua, aldaketen isla
Izan ere, egitaraua ez da Asanbladan azken urteetan aldatu den bakarra. Atzera begiratzen badugu, lehenengo Gazte Eguna 2009. urtean sortu zen arren, Asanbladaren hazia askoz lehenago hasi zen ernaltzen; zehazki 1995. urtean, garai horretan hasi zelako jaiotzen.
Hainbat gazte ez zeuden gustura bertako egoerarekin, gazte bakoitza bere koadrilan eta koadrila bakoitza bere airera ibiltzen baitzen tabernetan. Hau horrela, beste alternatiba bat aurkitu behar zala ikusi zuten, herriko gazte guztien artean harremanak sendotzeko helburuarekin.
Hasiera batean asmo xume batean geldituko zela zirudien arren, laster hasi ziren gaztean lanean: jaiak antolatzen herriari bizitasuna emateko, ekintza kulturalak aurrera eramanez, hitzaldiak burutuz, zein leku ezberdinetara irteerak eginez.
“Gainera lan egiteko gogoa handia zenez gazte mugimendua aurrera joan zen, asanbladak herriko leku ezberdinetan eginez”, azaltzen dute asanbladako blogean.
Laster jabetu ziren espazio baten beharraz, eta hasiera batean udaletxearekin akordio batera heldu arren, hau atzera bota zen azken momentuan; beraz, okupazioaren bidea hartu zuten gaztetxeko kideek. Hau posible izan zen garai hartan gaztetxeko kideen irmotasunari eta gazteen konpromezuari esker.
Gaur egun, ordea, ez dira gazte asko asanbladan dabiltzanak. “Asanbladan gogotsu gabiltzan arren, gazte gehiagoren falta somatzen dugu, eta ateak zabaltzen dizkiogu asanbladan parte hartu nahi duen edonori“, diote gazte asanbladakoek.
Azken urteetan izan den belaunaldi aldaketaren ondorioz, aisialdira bideratu dituzte gehienbat gaztetxeko ekintzak, baina azken urteetan aisialditik haratago joateko apustua egin dute.
“Gaztetxea herriko errealitatea aldatzeko bidean, kontzientzia politikoa eraikitzeko tresna modura ikusten dugu- azaltzen dute- azken urtean burutu dugun hausnarketa prozesu baten ondoren, ohartu gara Gaztetxea edukiz hustutako aisialdi batekin betetzeaz haratago, praktika politiko bat garatzeko, hausnarketarako eta aldaketarako espazio bat izan behar dela”.
Asanbladaren beste erronketako bat, Gaztetxea soilik gazteentzako espazio bezala ulertzeko ideia hori gainditzea da: “Gaztetxea komunitate oso baten elkargune bezala ikustea nahi dugu, ez gazte batzuen aisialdirako leku huts bezala”.
Hemen egitaraua:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!