AHTaren obrak “berehala gelditu” eta dauden trenbideak hobetzeko azterlana finantzatzea eskatu diote Gobernuari
Araba Bizirik plataformak deituta, dozenaka lagunek bizikleta martxa egin dute Billodako AHTaren obretara, protesta gisa.
Bizikleta martxa egin dute dozenaka lagunek Araba Bizirik plataformak deituta, AHT-aren aurkako protesta gisa. Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik Billoda herriaren ondoko AHTko obretara egin dute, egungo trenbidearen ondotik.
Obra horietan trenbide-korridore berri bat eraikiko dute, egungoaren paraleloan. Arduradun politikoek berriki baieztatu dutenez, pertsonek bakarrik garraiatuko ditu abiadura handiko trenak eta ez du balioko merkantziak garraiatzeko. “Obraren sustatzaile guztiek aitortu dute gezurra esan digutela eta trenbide-azpiegitura berri honek ez duela balioko salgaiak garraiatzeko”, salatu du kolektiboak.
Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, egungo trenbide-autobia hobetu beharrean, berri bat egin nahi izatea arbuiatu dute, “kostu ekonomikoa eta lurraldearen gaineko inpaktua askoz ere txikiagoak izanik, guztionak diren milaka milioi euro xahutu nahi dituzte, Arabako lurraldea txikituz, gutxi batzuek erabiliko duten trena eraikitzeko”.
Horren aurrean, gogora ekarri dute iazko maiatzean, Araba, Nafarroa eta Burgosko trenaren aldeko plataformek, ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatu gehienekin batera, akordio bat aurkeztu zutela egungo trenbide-azpiegiturak hobetu eta egokitzearen alde eta abiadura handiko trenbide berri bat ez eraikitzearen alde.
Aurtengo ekainean, plataforma horiek, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Castejon tarteak hobetzeko eta egokitzeko 3 ingeniarik diseinatutako alternatiba-azterlanaren zirriborroa aurkeztu zuten. Aurkeztutako alternatibak Ministerioak proposatutakoak baino 1.500 milioi euro gutxiago balioko luke, eta bidaia-denboren aldea 10 minutukoa litzateke Burgos-Gasteiz tarterako eta 8 minutukoa Gasteiz-Iruñea tarterako.
Azterketa honen emaitza ikusita, egiten ari diren obrak “berehala gelditzeko” eskatu dute eta tarte berririk ez lizitatzeko. “Gobernuari eskatzen diogu egungo bideak egokitzeko eta hobetzeko azterlana egin dezala, aurtengo aurrekontuetarako onartutako aurrekontu-partida abian jarriz, eta kontuan har dezala plataformek Burgos, Araba eta Nafarroako herri eta udalekin batera, aurtengo ekainean, Madrilen aurkeztutako azterlana”, eskatuz bukatu dute hitzartzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!