AHT-k ez du merkantziarik eramango Gasteiztik Burgosera, Espainiako Gobernuak baieztatu duenez
Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak ostegunean aurkeztu zuen Burgosen hiri horren eta Gasteizen arteko AHT bidezko lotura. Azaldu zuenez, zati horretan abiadura handiko trenak ez du merkantziarik eramango eta pasaiarientzat soilik izango da.
Argia.eus bidez
Lanak 2019an hastea aurreikusi dute eta bost urtean eginda egotea espero dute. Denera 93 kilometro izango lituzke ibilbideak eta 1.200 milioi euroko kostua. Burgoseko irteera inguruko zelaietatik izatea erabaki dute, baina Pancorbotik aurrerakoa oraindik definitu gabe dago.
Nolanahi ere, Sustapen ministerioaren agerralditik arreta gehien AHTren erabilerari buruzko bere adierazpenek piztu dute. De la Sernak ziurtatu du trenak soilik pasaiariak eramango dituela, merkantziak garraiatzea ezinezkoa baita, zati horretako maldak 30 milesima ingurukoak direlako.
AHTren erabilera “mistoa” baztertuta geratu da, beraz, Gasteiztik harago. Hain justu, Euskal Y-a egiteko Eusko Jaurlaritzaren argudio nagusietako bat izan da errepide bidezko merkantzien garraioa arindu eta Europako merkataritza sareekin konektatuko lukeela euskal lurraldea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!