Administrazio publikoei inplikazioa eskatu diete Arabako aeronautika sektoreko langileek
Ehunka lagun mobilizatu ziren larunbatean Gasteizko kaleetan Arabako aeronautika sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko. Patronalak murrizketak eta kaleratzeak burutu nahi ditu Aernnova eta Alestis enpresetan besteak beste.
Arabako aeronautika sektoreak Gasteizko kaleak hartu zituen larunbatean. Kinka larrian aurkitzen da sektorea, Alestis eta Aernnova bezala enpresa handiak kaleratzeak iragarri dituzte eta, hauei lotuta, beste enpresa txiki askok bide berdina har dezakete.
Administrazio publikoei inplikazioa eskatu zieten larunbatean Korreos plazatik abiatu zen manifestazioan. Izan ere instituzio publiko askok pisu nabaria daukate aeronautikako enpresetan. Langileek aeronautika “sektore estrategiko” bat dela gogorarazi zieten administrazioei: “ezin dute lanpostuak suntsitzea onartu”.
Alestis enpresa da egoera estuenean aurkitzen den enpresa. Abuztuan iragarri zuen zuzendaritzak Estatu mailako 585 langileren kaleratzea, 87 enpresak Miñanoko Parke Teknologikoan duen plantan, plantillaren %46. Sindikatuek gogor kritikatu dute kaleratzeak eta Enplegu Erregulazio Espedientea estatu mailako prozedura baten baitan kokatzea, Miñanoko langileei euren etorkizun laboralaren gainean negoziatzeko eta ebakitzeko ahalmena kenduz.
Arennova enpresak ere bide berdina hartuko du. Uztailean iragarri zuen nazioarteko plantilla %20 murrizteko asmoa, taldeak dituen lantegi guztietako 950 behargin kaleratuz. Berantevillako fabrikan 450 langile ditu enpresak baina oraindik ez dute zehaztu nola eragingo duten kaleratze guzti horiek bertan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!