Aceros 25 urte: Gauza asko eta, aldi berean, gauza gutxi aldatu direlako
25 urte igaro dira Aceros de Llodio enpresa itxi zutenetik. Gertakari garrantzitsua izan zen bailaran: ondorio ekonomiko negatiboak eragin zituen, familia ugari geratu ziren lanik gabe eta. Hori dela eta, elkartasun uholdea sortu zen itxieraren aurka. Langileak soilik ez, herriko sektore zabal asko ere inplikatu ziren borrokan.
Aiaraldea.eus bidez /Txabi Albarado
Azken 25 urteetan asko aldatu da Gardeako paisaia. Gutxi dira Aceros de Llodio-tik geratzen diren arrastoak, fabrika ibaiertzeko auzoaren zati handi bat okupatzera iritsi zen arren.
Ez zen nolanahiko lantegia: eskualdeko enpresarik garrantzitsuenetarikoa izan zen Aceros. 2.000 langile baino gehiago izatera iritsi zen, itxi zuten unean 560 zeuden arren. “Prozesu nahiko luzea izan zen itxierarena”, azaldu du bertako langilea zen Bego Ortegak, “80ko hamarkadan hasi zen eta 1992. urtera arte iraun zuen”.
“Kapitalismo industrialaren krisian kokatu behar da itxiera, ekoizpen modu horren irabazi-tasak goia jo zuen unean”, erantsi du Aceroseko Enpresa Batzordean CCOOko ordezkari gisa aritutako Kepa Gonzalezek. “Desibertsioak eta deslokalizazioak eman ziren, gaur egun ere gertatzen dena”.
Industria-birmoldaketa
Horren ondorioz, “industria-birmoldaketa” deritzon fenomenoa gertatu zen Euskal Herrian. Acerosenaz gain, beste hainbat enpresen itxiera ere eragin zuen horrek, Bilboko La Navalena kasu. “Enpresariek euren onurak atera zituzten eta estatuaren esku utzi zituzten lantegiak”, oroitu du Juanjo Basterra ekonomia kazetariak.
Horrela sortu zen Aceriales, altzairugintzan aritzen ziren hainbat enpresa biltzen zituen erakunde publikoa. Acenor izena hartu zuen gero taldeak, eta Sidenor azkenik.
Gauzak hala, langile murrizketa handia egon zen Acerosen 80ko hamarkadan. 1.800 langile izatetik 600 izatera pasa zen fabrika. “Erretiro aurreratua jaso zuten langile askok”, kontatu du Koldo Gaviñak, fabrikako ELAko ordezkari oihak, “60 urtekoei eman zieten erretiroa lehenbizi, eta 58, 55 eta 52 urte zituztenen txanda iritsi zen gero”. Orduan hasi ziren lehenengo gatazkak, greba eta manifestazio forma hartu zutenak.
“1988 urtean amaitu zen enpresaren modernizazioa”, Jose Ignacio Alvaradoren esanetan. Aceroseko enpresa komiteko presidente ohia da Alvarado. Argitu duenez, langileek ez zuten uste enpresa itxiko zenik: “1991 urtean jakinarazi ziguten. Sekulako mailukada izan zen”.
“Erabaki politikoa”
Toño Aizek ere ondo gogoratzen ditu garai horiek, Laudioko alkatea izan baitzen 1991 eta 1997 urteen artean. “Beste herrialde batzuetan merkeago produzitzen zen. Gehiegizko ekoizpen bat zegoen hemen, enpresa bideragarri ez izatea ekarri zuena”.
Kontrakoa uste du, baina, Juanjo Basterrak. Kazetariaren ustez, “interes politiko eta ekonomikoak” egon ziren itxieraren atzean. “Espainia Europar Batasunean sartu zenean hainbat agindu ekonomiko jaso zituen, horrek ere eragin zuen birmoldaketa”. Iritzi berekoa da LAB sindikatuko Irene Isusi: “Gobernuak Europako agindu horiek betetzera mugatu ziren”.
Kantabriako Reinosa herriko altzairu-fabrikako gatazkak ere asko baldintzatu zuen Acerosen etorkizuna, Jose Ignacio Alvaradoren hitzetan. “Langile bat hil zen bertan poliziak jaurtitako ke-pote baten ondorioz. Altzairuaren ekoizpena Laudion zentratuz gero, Reinosako lantegia itxi egin beharko litzateke seguru asko, eta Madrilgo gobernuak ez zuen hori inoiz onartuko”. Gauzak hala, Aceros itxi zenean bertako makinak “piezaz pieza” desmuntatu zituzten, Kantabriara eramateko.
Grebak, eguneroko ogi
Langile borroka handia eman zen urte horietan, garai hartan eginiko argazki eta bideo askotan ikusi daitekeenez. Grebak, itxialdiak, errepide mozketak eta bestelako ekintzak eguneroko ogi bilakatu ziren Aiaraldean.
“Gobernuak ez zituen gauzak erraz eduki”, kontatu du enpresako langile izan zen Kepa Garrotek, “erabateko gerra izan zen”. Jose Ignacio Alvaradorentzat, “gatazka handi bat” sortzea zen helburua, “gobernuak atzera egin zezan, bera baitzen fabrikaren jabea”.
Poliziaren erantzuna ere ez zen nolanahikoa izan. “Borroken lehen fasean Guardia Zibila izan zen protestak erreprimitzeaz arduratu zena”, Bego Ortegaren arabera. Gatazken azken urteetan, aldiz, Ertzaintzak hartu zuen lekukoa.
“Tentsio handiko momentuak bizi izan ziren”, ziurtatu du Kepa Gonzalezek, “langileon erantzuna gogorra zen, baina poliziena ere tamainakoa izan zen”.
Herriaren inplikazioa
Hala ere, Acerosen jazo zena ez zen langile borroka hutsa izan. “Mobilizazioak eta eguneroko borrokak gatazkaren sozializazioarekin uztartu zituzten langileek”, Irene Isusiren aburuz: “Horrek lagundu egin zuen arazoari zegokion dimentsio politikoa ematen”.
Herriko merkatariak izan ziren gehien inplikatu zirenak, Koldo Gaviñaren iritziz: “Grebak zeudenean komertzioak ixten zituzten”. Dirurik ez zeukaten langileei ere lagundu egiten zieten saltokiek, Mari Paz Gerriketxebarriaren hitzetan. “Ahal zutenean ordaintzeko esaten genien, eta hala egin zuten egoerak hobera egin zuenean”.
Emakumeek ere aktiboki parte hartu zuten gatazkan. “1987. urtean enplegu-funtsean zeuden langileen emazteak protesta-dinamika propioak garatu zituzten, euren senarrak fabrikan berronartuak izan zitezen”, nabarmendu Jose Ignacio Alvaradok.
Gurasoen “piketeak”
Ikasle eta gazteena izan zen mobilizatu zen beste sektoreetako bat. Isabel Diazek Laudio Institutuan ikasten zuen bolada horretan. Haren aitak Acerosen egiten zuen lan, eta bi neba zituen Lanbide Heziketa Ikastetxean. “Lantegiko soldatatik bizi ginen. Kobratzen ez zutenean etxera ez zen dirurik iristen, egoera dramatikoa eta oso gogorra zen. Familia osoa joaten ginen mobilizazioetara. Poliziak pilotak, ke-poteak eta suzko armak erabiltzen zituen… eta guk harriak”.
Gazteen presentziak isla berezia izan zuen komunikabideetan. “Telebistak zioen gatazkan parte hartzen zutenak ez zirela langileak, ‘agitatzaile profesionalak’ baizik, baina guk bagenekien gurekin zeuden gazteak gure seme-alabak zirela, langileen seme-alabak”, argitu du Jose Ignacio Alvaradok.
“Gurea ez zen agitazio hutsa”, azpimarratu du Laudioko institutuko ikasle zen Xabi Gorostiagak, “benetako kezka sakona zegoen herrian, ikasleen gurasoak baitziren lanik gabe geratzeko arriskuan zeudenak”. Lanbide Heziketan zeuden gazte askok Acerosen lan egiteko ikasten zuten, gainera. Hortaz, jende askoren bizitza-proiektua zegoen kolokan. Hala ere, bazeuden ikasleek protestetan parte hartzearekin ados ez zeuden gurasoak, Gorostiagak adierazi duenez: “Piketeak egiten zituzten institutuko atean, atera ez gintezen. Leihotik salto egin behar izaten genuen”.
Itxieraren ostekoak
Herri osoaren inplikazioak, baina, ez zuen balio izan itxiera ekiditeko. 1992ko udazkenean fabrikak behin betiko eten zuen bere jarduna. 560 langiletik 200ek jaso zuten erretiroa, 25 inguru Gasteizera joan ziren, 10-15 Larrondora eta lauzpabost Reinosara (Kantabriara). 30-35 beharginek borondatezko baja hartu zuten eta gainontzekoak Basauriko lantegira joan ziren.
“Ez zen kaleratzerik egon”, jakinarazi du Jose Ignacio Alvaradok, baina azpimarratu du borrokaren helburua fabrikak irekita jarraitzea zela, bertako lanpostuak mantendu zitezen. Saltoki eta lantegi txiki ugarik itxi zuten hurrengo urteetan, horietako askok Acerosentzat lan egiten zutelako gehienbat. “Ez zen lanpostuen suntsitze hutsa izan”, gaineratu du Irene Isusik, “herri honen bizimodua zen desegin zena”.
“Depresio izugarriak” egon ziren hurrengo urteetan, Xabi Gorostiagaren arabera, “lana galtzea duintasuna galtzea baitzen jende askorentzat”.
Ez zuen atzera bueltarik egorak, Toño Aizek ziurtatu duenez: “Ezin zen lantegia berpiztu. Horregatik, Laudioko udalaren helburu nagusia izan zen gune industrial hori guztia berriz atontzea, jarduera berrietarako prest uztea”.
Egungo egoera
Alabaina, Laudioko industriaguneko jarduera ekonomikoa ez da inoiz Acerosen garaiko mailara itzuli. Hala uste du Juanjo Basterrak. “Gardea auzoa ikustea besterik ez dago. Enplegu gutxi sortu da Aceros zegoen tokian, desertua dirudi. Zerbitzuen herri bat bihurtzen ari da Laudio”. Antzeko iritzia du Jose Ignacio Alvaradok, enpleguen kalitatea okertu egin dela pentsatzen du: “Ezin da alderatu gaur sortzen den enplegua duela 25 urte zeuden lanpostuekin”.
“Langile klasea oso zatitua dago egun”, dio Kepa Gonzalezek. Bat dator harekin Basterra: “Kapitalismoak indibidualizazio jarrera batera eraman gaitu, eta ez dugu horri erantzuten jakin”.
Edozelan ere, atzera eta aurrera begira jarrita, badago Acerosen emandako langile borroka gaur egun errepikatuko ahalko litzatekeela uste duenik. “Orain Espainiako presidentea aterako balitz telebistan esanez Guardian eta Vidrala itxiko dituztela imajinatzen dut erantzuna ez litzatekeela txikia izango”, dio Xabi Gorostiagak. Iritzi berekoa da bego Ortega ere: “Gaur egun, egoera berdinaren aurrean, berdin jokatuko nuke”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!