Indarkeria matxisten biktimei ahotsa
Genero indarkeriaren inguruan hausnarketa egiteko gonbita luzatu dute Mugarik Gabe-k eta Hortzmuga antzerki taldeak, Gasteizen paratuko duten ‘Memoria Eraikiz’ erakusketa eta ikuskizunaren bitartez.
Indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa plazara aterako du hurrengo egunetan Memoria Eraikiz ekimenak, Mugarik Gabe elkartea eta Hortzmuga antzerki taldearen eskutik. Hainbat emakumeren kontakizunen bidez, indarkeriak euren bizitzan izandako eragina ezagutzera eman eta horri nola aurre egin dioten azalduko dute. Amurrion aurkeztu ostean, asteburu honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan entzun ahal izango dira lekukotasun horiek.
“Emakumeen ahotsak berreskuratzeko apustu bat da, ez dugulako nahi ahots horiek historiako bazterrean utzita jarraitzea, gure memorian gorde nahi ditugu, memoria kolektibo bat berreraiki eta berriz gerta ez dadila oihu egin”, azaldu dute ekinaldiaren aurkezpenean.
Hortzmuga taldeak prestatutako ikuskizunaren bitartez, “zentzumenen esperientzia berezi bat” bizitza egiteko gonbita egiten dute. Jakintza alor anitzetako instalazio artistiko baten laguntzarekin, hainbat errealitate ezagutzeko proposamena egiten dute. “Gure helburua jendarteak ahots hauek entzutea, eurenganako elkartasuna adieraztea eta indarkeria matxisten aurrean duen erantzukizuna ulertzea da”.
Esperientzia ugari
Memoria Eraikiz egitasmoak Asfalto arteko loreak izeneko ikerketan jasotako bizitza-istorioak batzen ditu. “Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten biktimen bizitzetan”, du goiburu, eta, besteak beste, Euskal Herria, El Salvador, Kolonbia, Guatemala eta Espainiako 28 emakumeren lekukotasunak ikus daitezke. “Testingantzak entzuteak indarkeria matxisten laztasunera gerturatzea dakar, eta euren bizitzan izandako inpaktua ikustera; emakumeen gorputzen kontra talka egiten duten askotariko indarkeriak” .
Erakusketarekin, gainera, emakume horiek jarri dituzten estrategiak ezagutu daitezke. “Emakume aktibo nola bihurtzen diren ezagutuko dugu; bai beraien historia gainditzeko, bai eta sorreratik indarkeriazkoa den sistema heteropatriarkalean arrakalak sortzeko emakume aktibo nola bihurtzen diren”.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!