24 orduko greban murgilduta daude Tubacexeko langileak
Hiru hilabetetan bi behargin hil dira Aiaraldeko Tubacex lantegian. Enpresa Batzordeak 24 orduko greba deitu du gaurko zuzendaritzari prebentzio eta segurtasun neurriak exijitzeko.
Iragan ekainean, 25 urteko gazte bat hil zen Tubacexek Laudion duen faktorian, gaztea formazio dualeko ikaslea zen. Irailean beste behargin batek galdu zuen bizia fabrikan, Amurrioko Aceralava plantan. Egoerak segurtasun neurrietan gabezia azaleratu du eta sindikatuek 24 orduko paroa egiten ari dira zuzendaritzari neurri zehatzak exijitzeko.
Tubacexen ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute bat grebarekin: ELAk, LABek, STATek, CCOOek eta independenteek. Ekaineko heriotzaz geroztik enpresan hartu beharreko segurtasun, prebentzio eta mantenu neurri zehatzen zerrenda osatzen hasi ziren sindikatuak, tartean bigarren behargina hil zen irailean. Hartu beharreko neurriak bildu arren, zuzendaritzak inongo jaramonik egin ez diela azaldu dute langile erakundeetako ordezkariek, kontrara arduragabekeriaz jokatu izana leporatu eta mehatxuak jaso dituzte enpresaren partetik.
Zuzendaritzaren jarrera horren aurrean langileek greba antolatu dute, enpresari neurriak hartzea exijitzeko. Besteak beste hurrengo aldarrikapenak atera dituzte gaurko mobilizazio egunean kalera:
- Mantenu eta prebentzio neurriak bermatzea
- Langile eta enpresa batzordearen aurkoako zuzendaritzaren mehatxuak etetea
- Azpiegiturak hobetzea
- Langile baten faltak sortutako hutsuneak betetzea
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!