2022/2023 ikasturteko parrilla aurkeztu du Hala Bedi Irratiak
Larunbat goizean aurkeztu zuen Hala Bedi Irratiak ikasturte berriko parrilla. Hala Bedi Tabernatik zuzenean egindako emisio berezi batekin eman zioten aurkezpen jaiari hasiera. Saio horretan irratsaioetako kideek programak aurkeztu zituzten,
Aurten, eguneroko Suelta la Olla, Hizpidea eta Arrosa sareak ekoizitako Zebrabidea magazinez gain, 42 irratsaio propio izango dira entzungai Hala Bediren uhinetan. Euskaraz 14 irratsaio egingo dira, 27 gaztelaniaz eta galizieraz bat.
Zazpi saio berrik hasiko dute aurten ibilbidea Hala Bedin. Musikak eta kulturak, ohi bezala, lekua izango dute irratiko programazioan. Azido Beltza saioak, musika beltza ardatz, gazte mugimendu kontrakultural eta iraultzaileak izango ditu hizpide. Teoría de Cuerdasen elkarrizketak egingo dizkiote musikariei eta musikaren munduan aritzen diren pertsonei, estatuko eszena undergrounda ezagutzera emateko. Insomniorako abestiak programan bestelako tarte musikal bat sortuko dute: musika lasaiari bideratutako saioa izango da, lasaitasun une bat sortu eta abestien balio terapeutikoak baliatzeko.
Musikan, anakrusa lehen pultso indartsuaren aurretik dauden notak dira. Hori da, hain zuzen ere, Anakrusa saioan bilatuko dutena: mundu osoko musiken “pultso indartsu” hori baino lehenago entzuten ez diren istorio eta gaiak mahai gainean jartzea eta lagun arteko elkarrizketen bidez hauek jorratzea. Musikarekin lotuta dauden kontestuak, bitxikeriak, esperientzia pertsonalak eta historioz osatutako programa da.
Gatazka sozial eta politikoek ere izango dute, ezinbestean, espazioa. Kurdistan Uhinetan programan Kurdistango herrietan ematen ari den iraultzarako bidean berriak eman eta bertan bizitza askerako bidea ulertzeko gakoak landuko dira: mugimenduaren historia, jineoloji (emakumeen askapenerako iraultza), paradigma aldaketa, eta beste hamaika gai.
Egham-eko kideek, bestalde, Anatema saioa jarri dute martxan, zisheteroarautik at kokatzen garenon ahotsa entzunarazteko. Sexu askapenerako beharrezko diren hainbat gai, elkarrizketa, diskurtso eta proposamen izango dira hizketagai.
Umorea abiapuntu, mamarratxeoa aldarrikatzen jardungo dute 2MatX saioan eta hizpide izango dituzte gorditak, guapak, gilipollasak, gaupaserak, gizenak, guarrak, gazteak, gArabarrak eta gordak.
Bideojokoei buruzko Kodoro Games ere izango da aurten uhinetan. Bukatzeko, Ondamendi saioa aurkeztu zuten azkenik: mendi zaletasuna gai, elkarrizketak eta bestelako sorpresak ekarriko dituzte irratiko uhinetara.
Hori guztia gutxi balitz, aurreko urteetako irratsaioak eta Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako 13 irratsaio izango dira entzungai Hala Bediko uhinetan, Arrosa Sareko partaide baita irratia. Arrosa Sareak ekoizitako Zebrabidea magazina ere entzun ahal izango da, Hala Bedin bertan grabatua.
Hala Bedi Irratia Hala Bedi Bat kate elebidunean (107.4 FM Gasteiz eta Lautadan / 107.7 FM Arabar-Errioxan) eta Hala Bedi Bi euskara hutsezko katean (95.6 FM Gasteiz eta Lautadan) emititzen da. Online ere entzun daiteke emisioa, halabedi.eus helbidean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!