100 urte baino gehiago Gasteiz eraldatzen: bakarrik ezin da!
Hala Bedi irratiak 40 urte beteko ditu, Gasteizko Gaztetxeak 35, Auzolana Pilotalekuak 15, Errekaleorrek 10 urte eta Sumendik 7. Guztira ehun urte baino gehiago dira eta, ospatzeko, inauterietan egingo dute lehen ekimena.
Urte borobila izango da 2023a autogestioa eta asanblada ardatz dituzten Gasteizko ibilbide luzeko bost eragilerentzako, urterruenez jositako urtea. Hala Bedi irratiak 40 urte beteko ditu, Gasteizko Gaztetxeak 35, Auzolana Pilotalekuak 15, Errekaleorrek 10 urte eta Sumendik 7.
Elkarrekin beteko dituzten urteen kopurua ehun urtetik gorakoa dela eta, elkartasunaren aldeko lelo batekin aurkeztu dute urtemuga horien guztien hari izango den dinamika: “100 urte. Bakarrik ezin da”.
Lema horren azpian egingo duten lehen ekimena ere iragarri dute dagoeneko. Otsailaren 18an, inauterietako larunbatean, ehun urte atzera egitea proposatu dute eragileek, 1920ko hamarkadara. 17:00etan mozorratzeko kedada egingo dute Gaztetxean. Ondoren, giroa berotzeko kalejira Alde Zaharrean eta Erdigunean. Bukatu ere gaztetxean egingo da jaia, sound system batekin.
Sare sozialen bidez eman dute jakitera programazioa, mezu batekin:
“1920, hura bai garaia! Hiriaren oparotasuna, harrotasuna.. gure bandera jaio zen garaia! Vitoriano onena. Elegantziaz beteriko miradore eta kaleena. Apaiz eta militarren Vitoria.
Egun, ordea, gure hiriaren gainbehera nabaria da: okupak eta lapurrak nonahi, tradizioari errespetu eza, baloreen eta familiaren krisialdia. Gure nortasuna aldarriz eta errebeldiaz zikintzen duten horiek indartsu omen daude.
100 urte baino gehiagoz jasan izan ditugu gure purutasun eta dezentzia kolokan jartzen dituzten horien panplinak. Heldu da garaia kaleak hartu eta desproposito hau behin betiko gelditzeko.
Eskerrak jainkoari aurten inauteriak behar den modura ospatzeko bilduko garen Apezpikuen Kotxerako gazteak, Polborinean ibiltzen diren auzogileak, Eskoriatza Eskibel jauregiko kirolzaleak, Aménjesús radioemisorako kazetariak eta Errekaleorreko herri noble eta leialeko jauntxoak. Etor zaitez gurekin eta erakuts diezaiegun Vitoria gurea dela eta oraindik ere badagoela zertan sinetsi.
Estiloa, tradizioa eta pasodoblea!”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!