11 egunez hondakin urak zuzenean isuri dira Zadorra ibaira, arazketa prozesua osorik egin gabe
Urtarrileko 11 egunetan zehar araztegiak bypass orokorra egin zuen, hau da, hiriko ur zikinak zuzenean eta inolako garbiketarik gabe isuri ziren Zadorra ibaira. EH Bildu-k salatu duenez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, lau urteren ostean, ez du proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren orubeen liberazioa egin.
Gasteizko uraren ardura daukan udal enpresa publikoak, AMVISA-k, 2019ko urtarrilari dagokion txostena argitaratu berri du. Dokumentuak islatu duenez, Krispijanako araztegiak 5.500 milioi litro ur zikin jaso zituen, baina horietatik 2.000 milioi litro Zadorra ibaiaren ubidera isuri ziren, beharrezkoa den arazketa prozesua osorik egin gabe. Hala ere, EH Bildu-k ohar batean azaldu duenez, hori bakarrik zenbatuta dagoena da.
11 egunetan zehar araztegiak bypass orokorra egin zuen. Hau da, hiriko ur zikinak zuzenean eta inolako garbiketarik gabe isuri ziren Zadorrara egun horietan: milioika litro. Koalizioaren esanetan, isurketa hauek konpontzeko “ezinbestekoa da Lasarteko legar-hobien eta hegoaldeko ibaien proiektuak martxan jartzea”. Izan ere, ibai horiek zuzenean sartzen dira hiriko estolderian, eta horrek kutsatzen ditu urtean garraiatzen dituzten 5.000 milioi litro ur.
EH Bildu-ren ustez, irtenbidea ibai horiek zuzenean Zadorrarekin konektatzea da, euren urak garbi jarraitzeko, eta bidean hiriko eraztun berdeari espazio estrategiko berri bat gehitzeko. Gogoratu dutenez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, lau urteren ostean, ez du proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren orubeen liberazioa egin. “Nola eraiki badakigu, Ura agentziak finantzaketa jarriko du, eta EH Bildun proiektuarekin engaiatuta gaude. Ezin dugu gehiago itxaron”, nabarmendu dute.
Udaleko ibai sisteman Zadorra da harribitxia. Babes Bereziko Zonalde gisa izendatuta dagoen arren, ur hondakinen isuri onartezinak sufritzen ditu. Gainera, lindano isuri arriskutsuak jasotzen ditu Gardelegiko zabortegitik. “Gasteizko hiritarren irmotasunak Green Capital saria eman zigun, baina ikur horri distira kentzen diogu geure ibaietara ur zikina sartzen den bakoitzean”, amaitu du EH Bildu-k.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!