10 milioi euro kostako den aldaketa bat onartu du Espainiako Gobernuak AHTaren obretan, Legutioko tartean
Tunelaren "egonkortasuna hobetzea" du helburu.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak AHTaren obrako kontratuaren aldaketa bat onartu du gaur, 10,2 milioi eurokoa. Legutio eta Eskoriatza arteko bigarren tarteari eragingo dio moldaketak, Legutiano ABEE aldi baterako enpresa elkarteari esleitutako tarteari.
Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek eman du gaur moldaketaren berri. AHTaren obrak hasi zirenetik iragarri duten hirugarren moldaketa da. Helburua, Rodriguezen hitzetan, “jarraipena” ematea “Espainiarentzat eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarentzat horren garrantzitsua den azpiegiturari”.
Besteak beste, tarte horretan eraikita dagoen tunela sendotu behar dute, egonkortasuna hobetzeko eta ingurunean izan daitezkeen aldaketetatik babesteko.
Obren atzeratzeak eragin omen ditu aldaketak eta gastuak handitzea. Euskal Y-ak 4.200 milioi euroko aurrekontua zuen hasieran. Gaur gaurkoz 5.000 milioi gastatu dituzte eta 7.000 milioira iritsiko da kostua. Obrei eta epeei dagokionez, duela hamasei urte hasi ziren AHTaren obrak 2028ra arte luzatuko dira gutxienez, aurreikuspen ofizialen arabera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!