Etxez etxeko laguntzako langileak, grebara
2011tik lan-hitzarmena izoztuta dute Etxez etxeko Laguntzako Arabako langileek eta, horren ondorioz, soldata- eta lan-baldintzak izoztuta dituzte data horretatik. 800 langile dira lan-hitzarmen horren menpekoak, eta 2.981 pertsona artatzen dituzte Araba osoan.
Oso sektore feminizatua eta partzialtasun handikoa da, eta enpresa pribatuen menpekoa da erabat, Aldundiak eta Udalak gizarte-zaurgarritasun handieneko pertsonen arreta-zerbitzuak externalizatuta dituztelako.
Greba deialdia egin dute otsailaren 22rako eta martxoaren 1 eta 8rako. Hiru orduko lanuzteak egingo dituzte egun horietan, 12:00etatik 15:00etara. CCOO sindikatuak komunikatu baten bidez eman du erabakiaren berri: “Sektoreko langileok badakigu zein ondorio ekarriko dituen erabakiak oinarrizko zerbitzu honetako erabiltzaileen artean, egunero euren alboan egoten baikara, baina geure burua erabaki hori hartzera behartuta ikusi dugu, sektoreko enpresen zein Administrazioaren beraren itxikeria dela-eta”.
Langileek salatu dutenez, “erabiltzaileekiko zerbitzua hobetu eta langileen lan-baldintzak duinduko dituen Hitzarmen Kolektiboa lortzeko aukera guztiak blokeatu dituzte azken sei urteotan”.
Datorren ostegunean, hilak 22, bina elkarretaratze deitu dituzte Gasteizko Probintzia plazan eta Guardiako Plaza Nagusian 13:00etan eta 14:30ean, hurrenez hurren.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!