Etxegabeen arazoari irtenbidea eman nahi dioten hainbat eragile mobilizazioekin hasiko dira
Gasteizko PDS eta OEE Araba plataformek, beste hainbat eragilerekin batera, manifestu bat aurkeztuko dute asteartea arratsaldean etxebizitzaren arazo ezberdinei irtenbide bat emateko. Mobilizazioekin hasteko planteamendua ere mahaiaren gainean egongo da.
Gasteizko Eskubide Sozialean Aldeko Plataformak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak asanblada bat deitu dute asteartean, apirilaren 2an, 18:30ean Landatxo gizarte-etxean. Izan ere, otsailean, erakunde ezberdinak bildu ziren eta hauen eta beste batzuen ekarpenak jaso eta gero, Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe izeneko manifestu bat proposatuko dute gaurko asanbladan, etorkizunean, hala ikusten bada, mobilizazioekn hasteko.
Manifestua sinatzen duten mugimendu sozial eta eragileek, Arabako jendarteari eta bereziki gasteiztarrei helarazi nahi diete etxegabeen arazoarekin duten kezka. “Gure lurraldean, kalean lo egitera behartuta dauden pertsona asko daude, etxebizitzarik ez dutelako edo lo egiteko eta bizitza duina aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa den babeslekurik ez dutelako“, azaldu diote Hala Bedi-ri helarazi dioten manifestuan.
Salatzen dutenez, pertsona hauek behar duten arreta zerbitzua ez dutela jasotzen uste dute sinatzaileek. “Espekulatzaile, putre fondo, banku edo instituzio publikoek etxebizitza negozio bat balitz bezala tratatzen dute eta etxebizitza eskubidea denontzako eskubidea izan ez dadin aktiboki kolaboratzen dute”.
Etxebizitzaren garestitzea eta espekulazio mota guztiak salatzen dituzte manifestuan eta bereziki alokairuko etxebizitzari dagozkionak: “Neurrigabeko prezioak eta gehiegizkoak zein diskriminatzaileak diren klausulak. Era berean, baliabide gutxiko eta premia egoeran dauden pertsonen etxegabetze kasuen igoerak kezkatzen gaitu”.
Maila berean, etxebizitza edo logela baten bila dabilen jendeak topatzen dituen zailtasunak izan dituzte gogoan, “bereziki arrazagatik edo jatorriagatik edo adingabeak kargura izateagatik”.
Manifestua sinatzen duten eragileek, egoera honekin bukatzeko presazko neurriak hartzeko eskatuko dute lehenengo neurri gisa. Xehetasun guztiak, arratsaldean emango dituzte jakitera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!