Etxebizitza Legearen mugak salatu ditu Gasteizen aurkeztu berri den Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak
Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak agerraldia egin du gaur Gasteizen. Sarea bera aurkezteaz gain, Espainiako Kongresuan onartu berri den Etxebizitza Legeari buruzko irakurketa plazaratu dute.
AZETek, Batu Elkarlaguntza Sareak, Saretxek, Haritu Elkarlaguntza Sareak, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Gasteizko Auzoan Bizik osatzen dute Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea. Hiru urte igaro dira sindikatu horiek sortu zirenetik eta, ordutik, “autodefentsa tresnak garatzen” eta “borrokarako baldintzak sortzen” dihardute Hego Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Gasteizen egin duten aurkezpena baliatu dute Espainiako Estatuko Kongresuan onartu berri den Etxebizitza Lege berriaren irakurketa publikoa egiteko. PSOE eta Podemosen koalizioko gobernuak, ERC eta EH Bildu alderdiek bultzatu dute legea. Alderdi politiko horiek “saldu” dutenaren kontra, Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak uste du lege berriak ez duela bermatuko etxebizitza sarbide unibertsaleko eskubide izatea.
“Erreforma elektoralista xumea da; etxebizitza ez da eskubide izango merkantzia den bitartean eta jabetza pribatu kapitalista existitzen den bitartean”, adierazi dute.
Legearen kontraesan handiena, alokairuaren erregularizazioa
Etxebizitza Sindikatuen Sareak gogorarazi du, sindikatu eta mugimendu sozialek urteak eman dituzten arren alokairuari muga jartzeko eskatzen, legeak ez duela horrelakorik egingo. Alta, “muga jarriko dio soilik igoerari; hau da, alokairuen prezioek igotzen jarraituko dute, baina modu “kontrolatuan””.
Gainera, kontrola saihestuko duten “salbuespenak” jasotzen ditu legeak. Hori, salatu dutenez, aukera bat da jabeek iruzur egiteko eta alokairuen prezioen igoeren mugak ez errespetatzeko.
Turismoaren industria ez da aipatzen
Lege berriaren testuak ez dio hotel eta etxebizitza turistikoen merkatuari aipamen zuzenik egiten. Aitzitik, “tentsio guneez” mintzo da turismoak kaltetutako edota gentrifikazioak eragindako lekuei erreferentzia egiteko.
Tentsio guneak deitzen zaie “espekulazioaren ondorioz, etxebizitza merkatua kontrolik gabe dabiltzan eremuei”, baina ez da “inongo neurririk hartzen” eremu horietan “kontrol eza” eta “tentsioa” eragiten duen turismoaren sektorea mugatzeko, arbuiatu dute.
10.000 etxe berri, 4 milioi etxebizitza huts dauden arren
Horrez gain, azpimarratu dute, 10.000 etxe eraikiko direla, espainiar Estatuan 4 milioi etxebizitza huts dauden arren (Hego Euskal Herrian 275.000). Erabaki horrek, azaldu dutenez, ez du “etxebizitza eskuraezina izatearen arazoa” konpontzen eta “kaltegarria” da krisi ekologikoaren testuinguruan. Gainera, etxebizitza berriak eraikitzean, finantzazio publikoarekin ente pribatuen irabaziak bultzatuko dituztela salatu dute.
Hobekuntzak bai, baina betetzeko bermerik ez
2022ko lege proiektuaren aldean, lege berriak hobekuntza batzuk badituen arren, horien “eraginkortasunak” kezkatzen dituela adierazi du Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Bada kezkatzeko arrazoi edo aurrekaririk: Hego Euskal Herrian bi Etxebizitza Lege dira indarrean egun (EAEkoa eta Nafarroakoa). Biak ere etxebizitza eskubidea bermatzeko eta negozioa mugatzeko borondatez eginak dira ustez, baina horretarako agintzen diren neurriak “indarrean jartzeko erreminta zehatzik ezarri gabe”.
Zer ezkutatzen du Etxebizitza Lege berriak?
Edonola ere, hobekuntza horiek “kontsezio txikiak” direla gogorarazi du Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Esperientziak erakutsi die sektore “desjabetuaren” gehiengoa kontratu gabe bizitzera behartuta dagoela, errolda eskuratzeko ordaindu egin behar duela askotan, instituzio zein higiezinen arrazakeria pairatzen duela, ezkutuko etxegabetzeak jasan, eta beste hamaika egoera larri.
“Lege honek ez du inongo eraginik izango jabeek maizterrongan dituzten botere harremanetan eta indarkeria hauek guztiak bere horretan mantenduko ditu: hots, ikusezinak are ikusezinago izango dira eta ahotsik gabeen ahotsak oraindik eta gehiago isilaraziko ditu hauteskunde-propagandaren ondorioz”, berretsi dute.
Etxebizitza Sindikatuek “borrokan” jarraituko dute
Horregatik, “borrokan jarraitzeko” asmo irmoa erakutsi dute agerraldian parte hartu duten etxebizitza sindikatuek, etxebizitzaren aldeko borroka “desjabetuen lubaki” bihurtzekoa, eta “borroka komunetarako bidea elikatzekoa”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!