‘ETT’-ak jopuntuan, Gasteizen eraildako bost langileak gogoratzeko
‘Agur 78’-k aldarrikatu du ekintza, dinamikak berak publikatuz argazkiak. “Gaurkoan gazteriaren prakarizazioaren erantzule zuzenak diren ‘ETT’-ak jopuntuan jarri nahi izan ditugu”, adierazi dute ohar batean.
‘ETT’ bakoitzean argazki bat. 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen eraildako langile baten argazkia eta haren izena: Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda.
1976an zegoen klaseen arteko gatazka oinarritzat hartuta, gaur egun “tresna ezberdinekin baina oinarri berdinaren gainean Erregimenaren zutabe ezberdinak” mantentzen direla ohartarazi dute. Modu berean, gutxiengoaren etekin ekonomikoek zentroan jarraitzen dutela salatu dute, “bizitzen gainetik eta merkantzia bilakatuz pertsonak”.
Langileen arteko antolakuntza aldarrikatu du ‘Agur78’-k oharrean, “mailaketa eta zatiketa bilatu nahi duten garai honetan”. Horretarako, 1976ko adibidea jarri dute, “ezberdinen arteko aliantzak sortzeko”.
“Ez dezatela pentsatu beldurraren bitartez kontrolatuko gaituztenik, badaukagulako zer galdu, bai, baina askoz gehiago dugu irabazteko”, amaitu dute.
Larunbata bitartean, egitarauak aurrera darrai. Ostegunean, SUmendi Gazte Espazioan solasaldia Imanol Olabarriarekin eta martxoaren 2an, arratsalde osoko egitaraua. Martxoaren 3an bertan, omenaldi nagusiaren aurretik, Gazte Blokea egingo dute 18:00etan Hala Bedi Tabernatik abiatuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!