Eskola Kolektiboak martxan daude Gasteizko zenbait fakultatetan
Martxan daude Eskola Kolektiboak 2017 – 2018 ikasturtean ere. Egungo hezkuntza ereduari buelta bat eman eta “langile klasearen mesedetara” egongo den hezkuntza eredu bat sortzea dute helburu zenbait ikaslek. Gasteizen, indartsu hasi dute ikasturte berria.
Topatu.eus bidez
Aurreko urtean hasi ziren martxan Eskola Kolektiboak; hala ere, aurten indartzea izango dute helburu. Euskal Filolofia, Farmazia edota Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzia (JFKZ) fakultateetan jada lanean ari dira. Bakoitzak bere ildoari jarraiki, hainbat gai jorratuko dituzte.
Gaur egungo testuinguruan, hizkuntzak duen egoeraz hausnartzen hasiak dira jada Euskal Filolofiako Fakultatean. Ildo teorikoa eta praktikoa uztartuz, hizkuntza hegemoniko eta zapalduen arteko gatazka dute hizpide joan zen urtetik. Hizkuntza bakoitzak duen indarra aztertu nahi dute, euskarak jasan duen egoera ulertzera iritsi arte.
Farmazia Fakultatean berriz, gai zabal baten aldeko hautua egin dute. Bizitza osasuntsu bat zer den definitzea izango dute helburu aurtengo kurtsoan. Horretarako kirola, elikadura eta psikologia hartuko dituzte oinarri; baita, presio sozialak horiengan duen eragina ere.
JFKZetako ikasleak, lanketa teoriko bat lantzen aritu dira azken bi urteetan. Generoa eta kirolaren afera edota egungo aisialdi ereduaren azterketa izan dituzte aztergai; hala ere, praktikara salto egiteko ordua dela erabaki dute. Herri mugimenduarentzat eskainia izango den Herri Gimnasioa dute proiektu nagusitzat, eraikitzen diharduten eredu propio bat izango duena oinarri. Udaleku proiektu bat ere badute.
Gizarte langileak ongizatearen estatuan duen papera izan zuten aztergai kurtsoaren hasieran Gizarte Langintzako fakultatekoek. Ongizate estatuaren eta sozialismoaren arteko harremana zehaztuko dute aurten; baita, gizarte langileak izan beharko lukeen papera ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!