Hala Bedi irratia, ikasturte berrirako prest
Ikasturte berriarekin batera, martxan da Hala Bedi irratiaren programazio berritua ere. Aurtengo nobedadeen artean, bi dira aipatu nahi genituzkeenak:
- Habelas hainas: Galiziako panorama musikalari eskainitako saioa. Rock musikaren inguruko nobedadeak eta gaur egun, hemendik hain urruti egon ez arren, Euskal Herrian ezagutzen ez ditugun bestelako talde galiziarrak ezagutzeko aukera paregabea.
- Plaza los canasteros calle Los lunares: Flamenkoari eskainitako irratsaioa. Astean ordu betez, aurreiritziak saihestuz flamenko garaikidera hurbiltzen gaituen tartea. Urte luzetan zehar Hala Bediko uhinetan eduki eta gero, tarte bat kanpoan pasa eta berriro bueltan duguna gure uhinetan.
Gainontzekoan, aurreko urteetako apustuekin aurrera darraigu. Goizetako Suelta la olla magazinak (goizeko 10etatik 13etara Euskal Herri osorako eta 13etatik 14etara Arabarako ekoizten dena, astelehenetik ostiralera) kolaboratzaile eta tarte berriekin eman zion hasiera ikasturteari irailaren hasieran. Eta Zebrabideak, arratsalderoko gure euskarazko magazina, aste honetan bertan egin du salto hango eta hemengo uhinetara. Aurten ere, 16etatik 18etarako tartea Info7 eta Antxeta irratiekin elkarlanean egingo dugu, 17etatik 18etarako ordu betea berriz, Arabako aktualitateari eskainiko zaio. Hemen ere ez da berrikuntzarik faltako.
34 dira momentu honetan, Hala Bedin bertan ekoizten diren irratsaioak. Horietatik, 20 gazteleraz egiten dira, 13 euskaraz eta beste bat arabieraz. Gure irratsaioez gain, ordea, Arrosa sarearen bidez beste 16 irratsaio emititzen ditugu goizeko 7.30ean hasi eta goizaldeko 1a arte luzatzen den gure programazioan.
Horrez gain, Hala Bediren bigarren emisioa ere urtea bukatu baino lehen martxan jartzea aurreikusten dugu, Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek irrati lizentzia berrien banaketarako erakutsi duten utzikeriaren gainetik.
Proiektu berri honek, halaber, jendearen parte hartzea areagotzea eskatuko zuela genioen duela urte bat eta bide horretan ere pausoak emanez aurrera dihardugu. Horrela, aurten ere eta hirugarren urtez jarraian, Izan media izenburupean irrati tailerrak antolatu ditugu urriaren 28 eta 29rako (astelehen eta asteartea). Tailerren lehen eguna ahozkotasuna eta lokuzioa lantzeari eskainiko diogu. Bigarrena berriz, audio sorkuntzan eta edizioan trebatzen pasako dugu. Tailerrak arratsaldeko 18etatik aurrera izango dira, irratian bertan, Bueno Montreal kalea 19 behea. Izena emateko epea zabalik dago eta nahikoa da hbiprogramazioa@gmail.com helbidera email bat bidaltzearekin. Lehen eguneko tailerra euskaraz bakarrik emango dugu, bigarren egunekoa elebitan izango da. Beraz, badakizue, animatu eta parte hartu, ez daukazulako aitzakiarik, ezta erreuma edo San Vitoren dardararik.
Osasuna ta bitamina
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!