Emakumeak* memoriaren lehen lerroan
Mugimendu Feministak izan du protagonismoa aurtengo Martxoaren 3an, osteguneko Greba Feministara batzeko deia luzatuz. Besteak beste, oholtzaren gainean egon dira orain dela 42 urte Zaramagan borrokatzen egon ziren emakumeak*. Martxoak 3 elkarteak, Espainiako Gobernuak, memoriaren arloan,» Euskal Herriari 155. artikulua aplikatu nahi» diola salatu du.
Lehen lerroan, Herri Mugimenduko eragileetako emakumeak*, «Guztion indarrak batuz aldaketa gauzatu» irakur zitekeen pankartarekin. Bigarren pankartan, Martxoak 3 elkarteko kideak, orain dela 42 urte eraildako langileen senideak, lagunak eta elkarteko kideak, San Fermin 78 Gogoan plataformako kideekin batera. Hirugarrenak, Mugimendu Feministako emakumeak*. Aurten, lehenengo aldiz, manifestazioaren ardura ez da sindikatuena izan; eragile ezberdinek asteak eman dituzte gaurko eguna antolatzen eta iragartzen.
Haien atzean, herri oso bat memoria eta justizia eske. Pankarta ezberdinak ere, beste eragile batzuenak, airean: Errekaleor, anbulantzietako langileak… Amorru oihuak entzun dira manifestazio guztian zehar, Gasteizko erdialdeko kaleek memoria usaintzen zuten bitartean. «Herriak ez du barkatuko», «Jo ta ke irabazi arte», «3 de Marzo nosotras no olvidamos» edo «Policía asesina» bezalako oihuak entzun dira ibilbide osoan zehar.
Berriz ere, urteko mobilizazio jendetsuenetako ikusi da Martxoaren 3an Gasteizen, zutabe ezberdinek –Gazte Blokea eta CNT sindikatuaren bloke libertarioa tartean- manifestazioarekin bat egin ostean. Andra Maria Zuriaren enparantzan, eta behin mobilizazio nagusia amaituta, milaka pertsonen aurrean, Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza.
«Orain dela 42 urte borrokatu zuten emakumeak* ezin ditugu ahaztu, egun horretan eraildako bost langileak inork ahaztu ez dituen bezala», esan dute. Adierazi dutenez, emakume* horiek, «isilik edo isilduta» egon arren, ez dituzte orduko borrokalariak ahaztu eta lana egin dute inoiz ez ahazteko.
«1976ko emakumeek* ere barrikadak egin zituzten, gurpilak erre zituzten… Eta ahaztu ditugu; autokritika egin behar dugu»
«Fraga, Martin Villa… Gasteizko feministok matxistak, faxistak eta hiltzaileak zaretela esan nahi dizuegu». Zentzu honetan, Espainiako estatuak eraildakoak ahaztu dituela azpimarratu dute, «baina Gasteizen bizi garenok haiek ahaztu ditugu, Martxoaren 3ko emakumeak ahaztu ditugu. Autokritika behar dugu». Gogoratu dutenez, ez ziren merkatuetako erosketetara mugatu ziren emakumeak izan: «Haiek ere barrikadak egin zituzten, gurpilak erre zituzten, zaurituekin egon ziren…».
Memoriaren 155.artikulua
Manifestazioa hasi aurretik, Martxoak 3 Elkarteak hartu du hitza eragile ezberdinen arteko irakurketa elkarbanatu ostean. Lehenik eta behin, Koldo Larrañaga elkarteko bidelaguna oroitu dute, duela hilabete batzuk hil egin zena: sarraskiaren irudiak grabatu zituen bizilagun honek.
Azaldu dutenez, «koloretan, orainaldian ikusten ditugu Martxoaren 3ko borroka ezberdinak. Aurten, kolore morea azpimarratu nahi dugu bereziki». Katalunia eta ‘sedizioa’ ere izan dituzte hizpide: «1976an Espainiako Estatuak, ‘sedizioa’ leporatu zien Gasteizko greba mugimenduetan eta langile-asanbladetan aritu zirenei, langileak espetxeratuz. Gaur, sedizioa leporatzen die Kataluniako independentistei eta preso sartzen dituzte haien herriaren etorkizuna demokratikoki erabakitzera ausartu direlako».
«Ez babestu memoria baztertzailean oinarrituta dagoen proiektua»
Zentzu honetan, memoriaren arloan, «Espainiako Gobernuak Euskal Herriari 155. artikulua aplikatu nahi» diola adierazi dute. Horrela, eskakizun zuzena luzatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari: «Ez babestu memoria baztertzailean oinarrituta dagoen proiektua».
Martin Villa, Argentinara
Martxoaren 3an bertan eman dute albistea. Rodolfo Martin Villa atxilotzeko agindua atzera bota du Maria Servini epaileak, eta, orain, Argentinara arazorik gabe joan daiteke, epaitegian agerraldia egiteko. Ministro ohia atxilotzeko agindua bigarren aldiz atzera bota zuten auzitegiek irailean. Servinik 49.300 dolar fidantza ezarri zion orduan, espetxea saihesteko eta aske deklaratu ahal izateko.
Atxiloketa agindua kenduta, Martin Villa Argentinara arazorik gabe joan daiteke, epaitegian agerraldia egiteko. Izan ere, epailearen aurrean deklaratzea behin baino gehiagotan eskatu du ministro ohiak, baina atxilotzeko agindurik gabe.
Deklaratzeko data eta ordua finkatzea eskatuko diote Martin Villaren abokatuek Serviniri datorren astelehenean, ministro ohiaren hurbileko iturriek EiTBri jakitera eman diotenez.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!