ELAk Arabako ostalaritza akordioa ez sinatzeko argudioak plazaratu ditu
ELA Arabako ostalaritza sektoreko honetako sindikatu nagusia izan arren, gaur egun duen gehiengoak ez du eraginik izango hurrengo negoziazio-mahaia eratu arte. Hala ere, bi patronalek (ASHOVI eta SEA) eta UGT eta CCOO sindikatuek lortu duten akordioa ez sinatzeko izan dituen arrazoiak eman ditu jakitera.
Sindikatuak salatu duenez, ultraaktibitate mugagabea ez da ezarri. Gogoratu dutenez, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batean ASHOVI patronalaren «fede txarra negoziazioetan» frogatutzat jo zen: «Ultraaktibitate mugagabea jasotzen duen klausularik sartu gabe, fede txar hori bera errepika daiteke hurrengoetan».
Ez sinatzeko beste argudio bat soldata-izoztaldian galdutako eroste-ahalmena berreskuratu ez izana da. Gainera, soldatak negoziatzeko «konpromiso» soil bat sartu da, 2020. urterako. Orduan 2017, 2018 eta 2019 urteetako KPIak berraztertuko dira, baina hori betearazteko bermerik ez dagoela uste du ELAk.
Sindikatuak eskatutako klausula, lan-erreformaren aurkakoa, ez da hitzarmenean sartu: «Orain sinaturiko akordioak izugarri okertuko ditu sektoreko lan-baldintzak, eta gainera ez da bermerik sartu, akordioaren edukia benetan beteko den ziurtatzeko». Zentzu honetan, hitzarmena salbuestearen aurkako klausula ez da sartu laguntza-zerbitzuetako, zerbitzu anitzeko eta outsourcing enpresetan. ELAk klausula hori eskatu zuen.
Lan baldintza prekarioagoak
Sindikatuaren esanetan, «lan-baldintzak are prekarioagoak egin dituzte, Arabako Ostalaritza sektorean esplotazio basatia eta orokortua badago ere». Horrela, gaueko lanagatiko konpentsazioa «izugarri» murriztu da. Praktikan ez da gaueko lantzat hartuko 22:00ak eta 24:00ak bitartekoa. Puntu hau, ELA sindikatuak auzitara eramango du.
Hori gutxi balitz, igande eta jai-eguneko 31,97 euroko plusa kendu da. Eta horren ordez kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %2ko konpentsazioa jarri da. «Diru-kopuru hori ziztrina da, orain arte jasotzen zenaren aldean».
«Sinatzaileek kaleratzeak merkatzea adostu dute», argi eta garbi adierazi du ELAk. Kalte-ordainak jaitsi dira kaleratzeetan eta iraupen jakineko kontratuen amaieretan. Horren bidez «kaleratzeak sustatuko» dira, «lan-egonkortasunari kalte» egingo zaio, eta «sektoreko langileentzat diru-kalte handia» izango da.
Aipatutakoaz gain, zarama-kategoria berri bat sortu dute, sarbide izenekoa, zerbitzariarena edo sukaldariarena baino 3.100 euro gutxiagoko urteko soldatarekin, sektorean 12 hilabeteko esperientzia ez dutenentzat. Hortik soldata-eskala bikoitzak sortu dira lantokietan.
Gaitzetsi dutenez, «patronalak nahi zuen guztia lortu du». Izan ere, patronalek beren ordezkaritza egiaztatu gabe, erdizka banatu dute ordezkaritza haien artean (%50), eta horrela patronal biekin aldi berean adostera behartu dute ELA.
Ondorioztatu dutenez, UGTk eta CCOOek orain arte sinatu dituzten hitzarmenen eragin indargabetzailea gaindituz, Arabako Ostalaritzako langileek ELA sindikatuari eman berri dioten gehiengoaz baliatuko dira hurrengo urteetan Arabako «lan-gehiegikeriei aurre egiteko eta kontzientzia bat eta itxaropen bat sortzeko». Adierazi dutenez, hurrengo negoziazioan benetako aukerak izatea espero dute, «SEA eta ASHOVI patronalen diru-goseari ezetz esateko, eta gure lan-baldintzak duinduko eta berreskuratuko dituen hitzarmen bat lortzeko».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!