Bi aurkikuntza garrantzitsu topatu dituzte San Pedro mendiko indusketetan
Euzkadi egunkariko alea eta balizko iheslari errepublikar arabar baten txanpona aurkitu dituzte San Pedro mendiko Gerra Zibilari buruzko indusketa arkeologikoetan.
Aiaraldea.eus bidez
Amurrio eta Urduñako udalak elkarlanean atera dute prentsa oharra, Josu Santamarina eta Xurxo Ayán ikerlarien emaitzak ezagutzera emateko. EHUko talde arkeologikoko kideek aurkitu dituzte San Pedro Beratza mendian lurperatutako zenbait objektu, Amurrio eta Urduña artean. Horien artean daude «Euzkadi» egunkariko ale bat eta ustez iheslari errepublikazale izandako arabar baten txanpona.
2016an hasi zituzten indusketak San Pedro mendian, eta maiatzean ekin zioten azterketen bigarren txanpari. «Bi lubaki-lerro induskatu dira, baita zementuzko hiru gotor-gune ere», adierazi dute ikerlariek.
Historia, argitara
Euskal Gudarostearen V.Brigada dute jatorri gotorlekuek, adituen esanetan. Zehazki, 1936ko abendutik 1937ko maiatzera erabili zuten eremua. «Hilabete hauetan zehar, Araba batailoiko (EAJ) eta Leandro Carro batailoiko (PCE) gudariek posizioaren defentsa lanetan txandakatu ziren. Handik 700 metrora, aurrez aurre, Urduñako pinudiaren beste aldean eta Barrerilla goialdean, erreketeek eta Francoren soldaduek tentuz ikuskatzen zuten ingurua».
Lasai mantendu ziren fronteak Mola jeneralak euskal lurraldea inbaditzeari ekin zionean: «1937ko udaberrian Kondro alemaniar legioak eta abiazio legionario italiarrak hamarnaka herri bonbardatu zituzten, altxatuen tropek Bilborako bidea egiten zuten bitartean».
San Pedro mendiko erasoa
1937ko maiatzaren 26an erasotu zuen lehenbizikoz hegazkin alemaniarrak Aiaraldea. Infanteria frankista (Nafarroako III.Dibisioa) izan zen lurretik sartu zena, gerra-gurdi italiarrekin. Santamaria eta Ayánen esanetan, mendiaren gotorleku suntsituetan topa litezke «erresistentzia errepublikanoaren zantzu desesperatuak».
Aurkikuntza berriak
Ehunka fusil eta metrailadore bala-zorroak aurkitu dituzte orain arte errepublikanoen desfentsa-suaren ebidentzia gisa. Orain, ordea, hainbat txanponekin egin dute topo. «Hauetako bat 1878.urtekoa da, Alfonso XII. irudia du», argitu dute.
Urduñako lurretan antzeman dute, bestalde, bigarren aurkikuntza: 1937ko maiatzaren 5eko «Euzkadi» egunkaria, «bataila hasi baino 21 egun lehenagokoa». Historialarien aburuz, Araba batailoi jeltzaleak egun horietan utzi zuen San Pedro mendia Mungiako frontera joateko. «Haren ordez, XIII. Brigadako indarrek okupatu zuten mendia, maiatzaren 26ko erasoaldi frankista eurek jasan zuten. Beraz, lurpean, San Pedroko EAJko azken gudarien irakurgaia aurkitu da. Antza, gudariak oso ondo informatuta zeuden lurraldeko gertaera tragikoez, esaterako, Gernikako bonbardaketaz».
Santamaria eta Ayánek ez dute baztertu aurkikuntza gehiago topatzea: «Datuek Euskal Gudarostearen erresistentziaren azken asteetara hurbiltzen gaituzte, sinestezina dirudien xehetasun mailarekin». Alabaina, azpimarratu dute, gaur arte egindako 2 kanpaina arkeologikoek «historia honen azala hazkatzea» baino ez dutela suposatu.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!