ERREPORTAJEA | Covid-19aren aurkako prebentzio neurrien atzean ezkutatzen den babesgabetasuna
Coronavirus gaitzaren hedapena eteteko helburuarekin hainbat neurri hartu zituen aste hasieran Eusko Jaurlaritzak, tartean Gasteizko Hezkuntza Zentro guztiak ixtea, gutxienez, martxoaren 23ra arte. Erreskadan etorri dira gainerako prebentzio neurriak eta gaurdanik Arabako ikastetxe guztietako eskola orduak etenda egongo dira. Neurri hauek duten eragina aztertu du Hala Bedik hurrengo erreportajean.
Ikastetxeetako ateak jo zituen astelehen goizean COVID-19 gaitzak. Goizeko lehen orduan La Bastidako bi ikastetxeek eta Gasteizko Odon de Apraiz ikastolak ateak itxi behar izan zituzten birusarekin kontaktuan egondako ikasle eta irakasleek birusa gehiago hedatu ez zezaten. Hezkuntza eta Osasun Sailek eguerdian hartu zuten lehenengo erabaki potoloa: Birusaren hedapenari aurre hartzeko Gasteizko Hezkuntza Zentro guztiak itxiko zituzten. 60.000 ikasle eta irakasleri eragiten zion neurria.
Hurrengo ordu eta egunetan erreskadan heldu dira gainerako prebentzio neurriak eta bertan behera geratu dira hurrengo egunetarako aurreikusita zeuden dozenaka jarduera Gasteizen. Erabaki handiena atzo hartu zen, martxoak 11, goizean Arabar Errioxako hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki zen, arratsaldean herrialde osora zabaldu zen eskolak bertan behera uzteko agindua. Gaurdanik da eraginkorra neurria eta 68.000 ikasleri baino gehiagori eragingo die.
Hainbat gabezia
Tamainako erabakia izan da Hezkuntza Sailak hartutakoa, baina gabezia asko azaleratu ditu. Ikasle guztiak etxera bidaltzearen ondorio, gurasoek lana eta haurren zaintza kontziliatu dezaten neurri falta da gabezia nabarienetariko bat, horrela salatu zuen LAB sindikatuak.
Izan ere eskola orduak bertan behera geratu diren arren ikastetxeak ez dira itxi eta langileek lanera joan beharra dute bertan eskola proiektuak egin, materiala prestatu edota formakuntza saioak jasotzeko. Hainbat galdera eta zalantzei ireki die atea neurriak, esaterako, zergatik ezin dituzte ikastetxeetako langileek jarduera horiek modu telematikoan etxetik egin edo zer lan mota egin behar dituzten sukaldari eta garbitzaileek.
Hezkuntza Sailak zentro guztietako ordezkariekin egin zun bileran galdera guzti hauek airean geratu izana salatu du LAB sindikatuak, Eusko Jaurlaritzaren “inprobisazioa eta aurreikuspen falta” agerian utziz.
Enplegu Erregulazio Espedienteak
Haurreskoletako koordinatzaileak ez ziren deituak izan asteleheneko bilerara baina , hain zuzen ere, zentro horietan Coronavirusaren aurka hartutako neurriek prekarizazioan are gehiago sakontzea eragingo dute. Gizarte Ekimeneko hainbat ikastetxek 0-3 urteko zikloan 15 eguneko eskola orduen etenaldia baliatu nahi du Enplegu Erregulazio Espedienteak ezartzeko langileei.
Diru publikoz sostengatuak dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 0-3ko zikloak. Lanaldi partzialak, soldata baxuak eta soldata-arrakala handia eguneroko ogia dira bertako langileentzat Enpresek ezarri nahi dituzten Enplegu Erregulazio Espedienteak are babesgabetasun egoera handiagoan jarriko ditu langileak.
Azpikontratatutako garbitzaileen greba
Martxoaren 2an bost asteko grebari ekin zioten EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileek. Ikastetxe guztiak ixteko erabakia kinka larrian jarri zuen Arabako garbitzaileen greba. Araban zuen, hain zuzen, jarraipen eta babes gehien azpikontratatutako garbitzaileen grebak. Greba mantendu edo ez zalantzan egon dira langileak, Gasteizko eskolen etenaldiak grebaren ikusgarritasunean izango zuen eraginaz kontziente.
Erabakia, ordea, ez dute langileek hartu. Lan Sailak asteartean, martxoaren 10ean, erabaki zuen langile hauen oinarrizko greba eskubidea indargabetzea Bizkaian eta Gipuzkoan %100eko zerbitzu minimoak ezarriz. Greba etenda lanpostuetara itzuli beharko dira azpikontratatutako garbitzaileak baina argi utzi dute berriz itzuliko direla mobilizazioetara: “Gaur gure lanpostuetara itzuliko gara, zirkunstantzia berri hauek behartuta. Baina indartsu eta borrokalari egiten dugu. Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez. Inoiz baino indartsuago itzuliko gara borrokara, eta ziurtzat eduki, irabaziko dugula“.
Ikasleak ere atera dira azpikontratatutako garbitzaileen defentsan, UIBk oharra kaleratu du grebalariei elkartasuna adieraziz eta Jaurlaritzaren erabakia kritikatuz: “Kapitalak, osasuna edo behar den beste edozein aitzakia erabiliko du astebeteko epean jasangaitza egiten ari zitzaion greba bat gelditzeko“.
Bada gaitz larriagorik ere: Arrazakeria
Duela hilabeteak Covid-19 gaitzaren hedapena ezagutzera eman zene lehen unetik komentario xenofoboen aterpe izan da birusaren gaia. Komunitate Txinatarra jarri zen begi puntuan hasieran gaixotasunaren kutsatzaile gisa seinalatuz.
Coronavirusa gurera etorri den unean Txinatarrez ahaztu eta ijitoak seinalatzeari ekin dio iritzi publikoak. Hedabide ugarik birusaren hedapena egotzi dio ijitoen komunitateari. Khetaen Plataformak gogor salatu ditu komunikabideek igorritako mezuak eta “ijitoen aurkako indarkeria piztearen erantzule” egin ditu hedabideak, mezu horiek “jendartearen duintasun eta elkarbizitzaren aurka” doazela adieraziz.
Espetxeak jo puntuan
Espetxe-erakundeek Arabako presoen egunerokotasunean eragin zuzena dutena hainbat neurri hartu dituzte Coronavirus gaitzaren hedapenaren harira. Presoek lokutorio bidezko bisitak jaso ahalko dituzte soilik, hau da, kristal bat tarteko jasotzen dituzten komunikazioak. Ondorioz familia komunikazioak edota bis intimoak ukatuko zaizkie.
Gainera kartzeletara ezingo da “premia larrikoa” ez den kartzelaz-kanpoko langilerik sartu, tartean bolondres lanak egiten dituzten gobernuz kanpoko erakundeetako eta bestelako elkarteetako kideak. Zaballan dagoeneko preso batek gutxienez harrapatu du birusa, Ertzain batek kutsatu ostean
Euskal Preso Politikoek ere pairatuko dituzte Coronavirusaren aurrean hartutako neurri hauek izan ere Logroñoko eta Madrileko kartzelek Zaballan hartutako neurri berdinak jarraituko dituzte. Zaballan dauden EPPK-ko bi kideez eta Altsasuko gazteez gain, bost dira Logroñoko kartzelan dauden Euskal Presoak, beste hainbat Estremeran eta bakarra Valdemoron.
Aranjuezeko kartzelak berrogeialdian jarraitzen du bertako funtzionario batek Coronavirusa harrapatu ostean. Bi Euskal Preso Politiko eta hauen bi urteko alaba daude Aranjuezeko espetxean preso.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!