Errekaleorreko zaintza lantaldea barrutik
Zaintza lantaldea deiturikoari elkarrizketa egin diote Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboko kideek, lantalde horretako ‘Itsasorekin’ hitz eginez horretarako. Bere iritzi kritikoa emateaz gain, taldearen eta auzoaren inguruan du ere bai.
Topatu.eus bidez
Zer da Errekaleor zuretzat?
Askatasun espazio bat, baina nahi ez dugunaren gainean oinarritua, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Gustatzen ez zaigun sistema baten aurrean alternatiba bat sortu nahi da, baina gustuko ez dugun horretan oinarrituta. Lantzen ari gara zer nahi dugun. Oso ideia ezberdinak daude, eta arlo askotan ez dago zehaztasunik ere.
Adibidez, antikapitalistak gara, baina zer eraiki nahi dugu alternatiba moduan? Zer gara? Hau zentzu onean esaten dut, irekia delako eta jende ezberdinak parte hartu dezakeelako proiektuan.
Heldutzeko aukera ere ematen du. Gauzak hain erraz izan dituen belaunaldi bat gara, pribilejioak izan dituena eta erosotasunez inguratuta hazi dena. Aukera ona izan da algodoia kentzeko, pribilejioetatik jeisteko eta errealitatea gune xumeago batetik ezagutzeko. Ikaskuntza aukera handia, parte hartze politikoa egunerokotasunera eramateko aukera. Harreman kapitalistetatik urruntzeko, harreman indibidualizatu eta merkantilizatuetatik bizimodu komunitario batera pasatzea, horrek suposatzen duen zaintza eta lanketa guztiarekin. Niretzat, hori izan da eragin handiena izan duen aldaketa.
Gure nukleoetatik atera eta Euskal Herria mailako herri mugimendu eta intelektualarekin harremantzeak asko aberastu du gure hausnarketa pertsonala.
Zer da Zaintza lantaldea?
Lehenengo azaldu behar da nola sortu zen. Argi mozketaren testuinguruan sortu zen, non gure etxeetan jateko gaitasuna galdu genuen argindarra dela eta. Beraz, gaztetxean antolatzeko aukera ikusi zen. Auzoaren beharrak asetu behar ziren, eta horri erantzun kolektiboa ematea erabaki genuen. Otorduen txandak antolatu, erosketak, birziklatzea, gaztetxearen garbiketa…
Argi mozketako atxilotuei jarraipena egin zitzaien, ‘akonpañamendua’ eskaini zitzaitzen, eta auzoan zaurgarrienak ziren pertsonei zaintza espezifikoa eskaini zitzaien eta generadoreen bidez, baliabideak izateko aukera eman zitzaien. Batez ere familiadun etxeetan: adin txikikoak eta adinekoak zeuden etxeak.
Gerora, udarako dutxen saiakera egon zen, komunikaziorako tresnak sortu ziren, zaintza jardunaldiak hausnarketa kolektiboa egiteko, eta, negua gerturatu ahala, gizarte-etxearen egokitzapena ‘goxogunea’ sortzeko bertan. Zaintza arlo ezberdinetan ulertzen dugu: baliabide materialak sortzea nahi dugu. Gainera, ezin genuen elkargune edo talde kohesioan pentsatu, hori sustatzeko espazio bat ez bagenuen.
Horregatik, gizarte-etxea gune bero bihurtzea erabaki zen eta orain asteburu bat hartzeko ideia daukagu, zaintzaren inguruko hausnarketa abstrakto bat egin nahi dugu, gero ekintza espezifikoetara pasako dena. Noranzko bat markatu nahi dugu, alderdi ezberdinetan sakondu eta horren arabera, urte honetako antolamendua egin.
Bestalde, beharra ikusi genuen berria zen jendeari harrera egitea. Behin sartuta, batzuetan bortitza zela ikusten genuen. Norberaren txokoa egitea zaila izan daiteke, eta pertsona berri horien akonpañamendu talde bat giza, beraien partehartzea aktibatzeko,. Bisitan datozen taldeek arduradun bat edo erreferentziazko pertsona izatea….
Sortu zenean, parekidetasun kuantitatiboa egon zedin saiatu ginen baina denborarekin emakumeak geratu ginen bakarrik. Konturatu gara ez dela kuantitatiboki kontuan hartu beharreko gaia bakarrik, baizik eta kualitatiboki ere bai.
Azkenaldian, nahiko geldi egon den talde bat izan da, motibazioa galduz joan dena, eta horregatik ikusi dugu beharrezkoa noranzko baten beharra. Horregatik, hausnarketa prozesu batean sartuko gara.
Benetako eraldaketa egin nahi bada, bizitza merkantilizatuetatik at, nik argi daukat zaintza erdigunean egon beharko dela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!