Erasoak salatu eta autodefentsa aldarrikatzeko manifestazioa deitu du E28 Gasteizko Koordinadorak
Larunbatean, uztailak 10, "Ez dira pasako: erasoen aurrean autodefentsa transmaribibolloa" lelopean mobilizatzeko deia egin du Gasteizko E28 Koordinadorak.
Larunbat honetan, uztailak 10, manifestazioa deitu du Gasteizen E28 Koordinadorak A Coruñako hilketa homofoboa eta gainontzeko eraso LGBT+foboak salatzeko. Bilbo plazan da deialdia, arratsaldeko 19:00etan.
LGBT+fobia hiltzailea
Iragan larunbatean eraso homofobo batean, “marikoi” oihu artean, jipoika hil zuten gazte bat Galizian. Astelehenean mobilizazio andana izan ziren hainbat hiritan LGBT+fobia hiltzailea salatzeko eta eraildako gaztearentzat justizia exigitzeko. Gasteizen ere egin zen mobilizazioa, E28 Koordinadorak deituta.
Zuriketa instituzionala
LGBTIQ+ mugimenduko eragileek “kalean, lantokian zein hezkuntza zentroetan” egunerokotasunean egiten diren erasoez gain, komunikabide eta instituzioen konplizitatea eta pinkwashing kanpaina ere salatu nahi izan dute. Izan ere, kolektiboaren arabera, aste batzuk lehenago euren burua zuritzeko egindako ahaleginak ezerezean gelditu dira eta agerian, beste behin ere, “sistema patriarkal eta kapitalista honen” benetako aurpegia: poliziaren oldarraldiak, gorroto-diskurtsoaren legitimazioa, Trans Legea atzeratzea eta mugetako aparatu arrazista indarrean mantentzea, sexu-genero identitatea dela eta jazarpena jasan duten horiei ere sarrera ukatuz.
Autodefentsa, elkartasuna eta antolakuntza
Egoera honen aurrean, erasoen eta errepresioaren aurka antolatzeko beharra aldarrikatu dute eragileek eta horregatik antolatu dituzte mobilizazioak. Gainera, arrazakeriaren, patriarkatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroka ororen arteko elkartasunerako deia ere egin dute, “errentagarri izateari uzten diogunean jasaten dugun errepresioa sexu-disidentziaz haratago, langile klaseak, gazteek, migratzaileek edota erregimenari aurre egiten dion orok ere jasaten duelako, erregimena urtean behin arrosaz janzten bada ere”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!