Eraso homofobo berri bat salatu du TransBolloMarika Sareak eta kalera aterako dira asteazkenean
Gasteizko TransBolloMarika Sareak jakin duenez, Gasteizko jaietan gazte bat erasotu zuten: hainbat kolpe jaso zituen eta horren ondorioz aurpegia nabarmen markatua utzi zioten. Udan zehar, TransBolloMarika Sareak erregistratu duen laugarren erasoa da. Elkarretaratzea deitu dute asteazkenean.
Hilabete bat baino gehiago pasa den arren, TransBolloMarika Sareak Gasteizko jaietako eraso homofobo baten berri izan du. Gazte bat erasotu zuten, aurpegian kolpatu eta horren ondorioz, aurpegia guztiz markatuta utzi.
Hala ere, ez da udako eraso homofobo bakarra izan. TransBolloMarika Sareak jakitera eman duenez, lau erasoren berri izan dute udan guztian zehar. Azken erasoa izan den eremu berdinean etengabeko irainak salatu ditu sareak: “Kasualidadea edo, erasoko eremua hainbat eraikin instituzionaletatik gertu dago, beraz, kamerek, poliziek eta segutasun indarrek erabat zaindutako zonaldea da”, salatu dute. “Non daude udal zerbitzuak horrelako egoeratan? Zer nolako zaintza agindu eta eman da eremu honetan? Zelan gerta daiteke eraikin instituzionalak biltzen diren lekutik horren gertu erasoak etengabeak izatea eta inork ezer ez egitea?”, galdetu dute.
Udalaren jarrera ere salatu dute, Nazioarteko Egun bakoitzean adierazpen instituzionalak soilik egiten dituztela kritikatuz. “Erakunde inplikatu orori eraso homolesbotransfoboak ekiditeko lan egin dezaten eskatzen eta exijitzen diegu. Indarrean dauden protokoloak aktiba ditzaten, hauek hobetuz, Gasteiz askatasunez eta errespetuz bizi ahal izateko hiria izan dadin”, gaineratu dute.
Beste behin ere, Transbollomarika Saretik erasoak pairatu dituzten lagunei edo erasoen lekuko izan direnei haiekin harremanetan jartzeko eskatu dute, telefono zenbakia gogoratuz: 633 309 563. “Edozein adierazpen homofobo, lesbofobo edo transfoboren aurrean komisaldegian edo epaitegian salaketa jartzeak ezinbesteko garrantzia du eta horretarako Sare honek bere ateak zabalik ditu, laguntza edo aholkularitza emanez behar duen edonorentzat”.
Elkarretaratzea, asteazkenean 20:00etan
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!