‘Eraldaketa: SortzaileON afera’ egitasmoa aurkeztu du Irantzu Lekuek ahozkotasunetik abiatuz eta bideo-artera salto eginez
Egitasmo berria abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak, ‘Eraldaketa: SortzaileON’ afera proiektua, sorkuntza-prozesuari erreparatzea duena helburu. Emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera izango du oinarri, kontzeptuak, sorkuntza-prozesuaren inguruko irudi eta aurreiritziak, kultura, kulturak, artea, arteak bizitzeko moduak, eta kulturgileen irudia erakutsiz.
SortzaileON afera-k Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzea du helburu eta Lekue bera ari da Olatz Alonso kazetariarekin eta Maider Oleaga zinegilearekin lanean. Proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna landu, sormen prozesua eta erakusketa publikoa.
“Handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko?” galdegin du arabarrak.
Olatz Alonsok ere hitza hartu du: “Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko? Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko?”.
‘Eraldaketa: SortzaileON’ afera proiektuak sormenari erreparatuko dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura izanik hizpide. Alonsok azaldutakoaren arabera “kulturaren berezko balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa, nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina hau guztia sorkuntza-prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren garapena bigarren fase batean utzita”.
Lekuek azaldu moduan, “bada garaia ere kultura eta artea Gasteiztik ateratzeko eta haien gaineko hausnarketak herrialde osoan zehar egiteko. Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta ere, egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko. Horregatik eta horretarako, sortzaileekin baterako saioak Arabako eskualdeetan egingo dira”. Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi.
“Horrekin guztiarekin, bideo-arte bat osatuko dut, hainbat istorio muntatuta”, azaldu du. Hala, modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasoko dugu, haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri.
Artista ugari
Asko dira egitasmoan parte hartuko duten emakumeak, tartean, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo, Izaskun Urkijo arte zuzendaria, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduraduna, Garazi Lopez de Armentiak oreografa eta Baratza aretoko sortzailea, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak edo Huntza taldeko Josune Arakistain.
Horretaz gain, hainbta elkarrizketa burutu dituzte: Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioa, Irati Jimenez idazlea, Yanela Murua dantzaria, Miriam Isasi artista, Belen Nevado antzerkigilea edo Maider Oleaga. 14 emakumetatik 9 arabarrak direla nabarmendunahi izan du Lekuek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!