Epailearen aurrean deklaratu dute Talka espazioko desalojoan atxilotutako bi kideak
2019an desalojatu zuen Gasteizko Udaltzaingoak Alaba Belasko jauregian abiatutako Talka espazio feminista. Desalojoan zehar bi pertsona atxilotuak izan ziren eta gaur epailearen aurrean deklaratu dute. Talkako kideek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean. “Hau ez da epaiketa bat, hau herri mugimenduari egindako hamaikagarren erasoaren justifikazio legala da” azaldu dute.
2019ko otsailaren 21ean desalojatu zuen Gasteizko Udaltzaingoak 2018ko abendutik Zapatari kaleko Alaba Belasko Jauregian martxan jarritako Talka espazio feminista. Inongo agindu judizialik gabe gauzatu zen desalojoa, jabe bezala identifikatu zen gizon bat sarrailagile eta poliziaren laguntzaz okupatutako espazioan aurkeztu ostean.
Talkako kideek «agindu judizialik gabeko desalojo ilegal bat» izan zela salatu dute. Gainera Gasteizko 2. zenbakiko instrukzio epaileak artxibatu egin zuen usurpazioagatik irekita zegoen espedientea, desalojoa gertatu baino hilabete lehenago.
2019ko otsailaren 21 hartan, polizia bortizki oldartu zen Talka defendatzera azaldutakoen aurka eta operazioan bi pertsona atxilotuak izan ziren. Gaur bi kide horiek epailearen aurrean deklaratu dute, irekita duten prozesu judizialaren baitan.
Epaiketa ez, kapitalaren antzezlana
Elkarretaratzea egin dute Arabako Justizia Jauregiaren atarian Talkako kideek, deklaratzera deituak zeuden bi kideei babesa adierazi eta epaiketa bera salatzeko. Gasteizko Udaletxearen eta Udaltzaingoaren jarrera arbuiatu dituzte eta “jabetza pribatuaren defentsa hautu politikotzat” izatea leporatu diete: “Gasteizko Udalari berdin zaiola legeak haustea enpresari espekulatzaile baten interesak defendatzeko bada”.
Epaiketa “kapitalaren antzezlan” gisa kalifikatu dute, “herri mugimenduaren aurkako hamaikagarren erasoaren justifikazio legala”. Herriak eta feminismoak eraikitako espazioak “kapitalaren defentsan antolatutako egitura juridikoaren eszenifikazioa baliatuz” erasotu izana salatu dute.
Epaiketak esku pribatuetan dagoen Alaba Belasko jauregia egoera “tamalgarrian” eta duen jabegoa aipatu ez izana ere gogor kritikatu dute. Kontrara, espazio hori berreskuratu eta auzora ireki dutenak “jomugan” daudenak direla salatu dute.
Honen aurrean “lege burges, patriarkal eta arrazistei kolektiboki aurre egiteko hautua” egiten jarraituko dutela argi utzi dute Talaka espazioko kideek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!