Epai bidea “uzteko” eskatu du Iruña-Veleia Argitu ekimenak
SOS Iruña-Veleiak, Euskeraren Jatorriak, Martin Ttipiak eta beste hainbat lagunek bat egin dute ekimenarekin, eta sinadura bilketa abiatuko dute laster.
Alea.eus bidez
Arabako Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohiarentzat, eta hiru urte eta bederatzi hilabetekoa Oscar Escribano Lurmeneko langile ohiarentzat, eta, horrez gain, ia 300.000 euroko isuna bakoitzarentzat. Harriduraz hartu du albistea sortu berri den Iruña-Veleia Argitu ekimenak, eta “egoera kafkiarra” bizi dutela gogoratu dute ekimeneko bozeramaile Martin Elexpuruk eta Idoia Filloyk. “Injustizia ikaragarri baten aurrean gaudela uste dugu, azkenaldian izan ditugun beste batzuen inbidiarik gabekoa”.
Besteak beste, grafitoen faltsutasuna “frogatu gabe” dagoela berretsi dute, eta benetakoak izan daitezkeela dioten txostenak askoz gehiago direla faltsutasunaren aldekoak baino. “Diputazioaren akusazio-idatziak, esaterako, ‘froga’ ezin gezurtiago bat ateratzen du berriro mahaira: grafito batean Descartes irakurtzen dela, argazkia ikusi duten guztiek dakitenean ez duela hori jartzen”.
“Laborategi espezializatuak eta indusketa kontrolatuak” dira, euren esanetan, auzia erabakitzeko modu bakarra, eta ez epai bidea. “Gure haserrea azaldu nahi diogu Aldundiari gaia irteerarik gabeko bide batera eraman duelako: bide judizialera”. Gogoratu dute bereziki haserre daudela Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin eta Igone Martinez de Luna euskara diputatuarekin, eta aurretik agintean izan ziren Xabier Agirre eta Lorena Lopez de Lacallerekin.
Auzipetuei elkartasuna adierazi eta “gaian sakontzera” animatu nahi dituzte herritarrak, “eta bidegabekeria ikaragarri hau salatzeko antolatzen diren ekintzetan parte hartzera”. Laster sinadura bilketa bat hasiko dute eta manifestu bat ere aurkeztuko dute.
Cerdan, babesik gabe
Auzipetuen artean, Ruben Cerdan fisikari nuklearrarentzat ere hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du Aldundiak, Veleiako piezen egiazkotasunaz idatzitako txosten batzuengatik. Hari, ordea, ez dio babesik eman Iruña-Veleia Argitu ekimenak, eta azken urteetan “desagertuta” egon dela azaldu du Elexpuruk: “Lurmeni kalte handia egin dio Cerdanek, eta, noski erabat kanpoan uzten dugu. Egindako analisiak ez ditu frogatu, eta oraindik engainatu gaituen jakin nahi dugu”. Ruben Cerdan Arabako Aldundiak berak proposatutako “aditua” izan zela gogoratu du Elexpuruk.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!