Uztailak 5, 80 urte Jose Placer erahil zutela
Ozetako Jose Placer hil zutela 80 urte beteko direla eta, udalerriko biktimak omentzeko ekitaldia egingo dute.
Alea.eus bidez
1937ko uztailaren 5eko goizaldean, Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten Jose Placer, EAE-ANVko militante, alderdi horretako Batzorde Nazionaleko kide, Aldundiko kudeatzaile eta Eusko Indarreko buruzagi izandakoa. Haren omenez, eta Barrundian izandako errepresaliatuak gogoan, omenaldi ekitaldia egingo dute uztailaren 8an, Ozetako udaletxe plazan.
Halako omenaldi bat egiten duten lehenengo aldia izango da Barrundian. Udala eta hainbat herritarren ekimenez egingo dute, Afro Olabe alkateak azaldu duenez. “80. urteurrena da, urte gehiegi pasa dira ezer egin gabe, eta uste genuen garaia zela; errepresio frankistaren biktimak izan direnak gogora ekarri, omenaldia egin eta, bide batez, gure historia ezagutzeko modua izango da.”
Uztailaren 8an egingo dute ekitaldia, 13:00etan. Barrundiako errepresaliatuak gogoratuz, dantza bat eskaini eta plaka bat jarriko dute plazan. Manex Agirre bertsolaria eta Felix Placer–Joseren biloba–izango dira ekitaldian, besteak beste. “Memoria berreskuratzeko lanetan izan da Felix, eta ekitaldian ere haren hitzak entzungo ditugu”, azaldu du alkateak.
Jose Placer
1896an jaio zen Jose Placer, Ozetan, eta bertan bizi izan zen oso goiz Gasteizera joan behar izan zuen arte, lanera. 1930ean, EAE-ANV sortu zen, eta harekin bat egin zuen Arabako bultzatzaile nagusien artean. Alderdiko Batzorde Nazionaleko kide eta herrialdeko ordezkari izendatu zuten.
1936ko altxamendu militarraren ostean, Placerrek ihes egin behar izan zuen. Lehenengo, Antzoki Berrian –egun Principal antzokia– ezkutatu zen, eta, ondoren, Ozetara alde egin zuen; handik Gipuzkoara joan zen, Elgea mendilerroa igarota, herriko gazte baten laguntzarekin –errepresaliatua izan zen gaztea honengatik–.
Hantxe, Jaurlaritzaren agintaritzapean oste frankistei aurre egin zien armadan erroldatu zen, eta EAE-ANVkoek osaturiko Euzko Indarra batailoiko komandante zela, hainbat artilleria-unitate gidatu zituen. Gipuzkoako hiriburuan borrokatu ondoren, Jose Placer Gernikarantz abiatu zen eskualdeko artilleria-unitateen ataleko agintari. Hainbat gudarirekin batera atxilotu zuten han. 1937ko uztailaren 5ean, epaiketa sumarisimoa egin ondoren, faxistek tiroz hil zuten Santa Isabel hilerriko iparraldeko horman; Lauaxeta ere bertan fusilatu zuten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!