Bertsoa Bizi Gazte txapelketa, euskarazko sorkuntza ardatz
Bertsoa Bizi Gazte 2018ko lehiaketa aurkeztu dute. Txapelketan parte hartzeko, ez dago konplikazio handirik: 3 lagun gutxienez elkartu (8 gehienez) eta maiatzaren 4a baino lehen bideoklipa egin.
Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Elkarteak abiarazi zuen egitasmoa da. Gazteen euskararen erabilera sustatzea du helburu, euskarazko sorkuntza izanik ardatz nagusia, baina musika, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusioa landuz. Lehenengo eragin eramuetako bat hezkuntza arautuan dago kokatuta. Bertan, Arabako institutuetan lau ordutako murgiltze saioak burutuko dituzte, ondoren, euren ekoizpenak taularatzeko.
2016-2017 ikasturtean Arabako 1000 gazterengana iritsi ziren lehen saio honekin. Aisialdi eremuan, BBG lehiaketaren bidez, taldekako euskarazko sormena bultzatu asmoz ikus entzunezko lanak osatu zituzten, izan bertso musikatu moldean, abesti edo rap moldeetan. Behin bideoklip lanak jasota, lehiaketak sare sozialetan bozka bidezko ibilbidea izan zuen eta, azkenik, Bertsoa Bizi Gazte Eguna antolatu zuten Legution maiatzaren 13an. Bertan, Arabako gazteak bildu eta egun osoko egitaraua osatzeaz gain, sariak banatu, zuzeneko emanaldia egin eta gazteen arteko loturak sustatu asmoz, Arabako gazteen bertso txapelketako finala ere burutu zen.
Aurreko urteko Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa ezin hobeto baloratu dute, izan ere, 12 lantalde aurkeztu ziren, Gasteiz, Gorbeialdea, Mendialdea, Lautada eta Arabar Errioxako taldeen bidez. Honetaz gain, BBG egunean 100 gazte inguruk parte hartu zuten. Eta udan zehar, 4 asteburu pasa antolatu zituzten irabazleekin. “Espero dugu beraz, aurtengoan partaidetza handitzea eta hasitako bide honek jarraipen zabalagoa izatea”, adierazi dute antolatzaileek.
2017-2018 ikasturtean,murgiltze saioen bidez, 1.500 gazterengana iristea espero dute. Iazko institutu guztiek jarraipena eman diote ikasturte honetan (Gasteiz, Lautada, Mendialdea, Añana, Aiaraldea eta Gorbeialdea) eta aurtengoan beste zenbait eremutara ere iritsiko dira, Amurrioko Zaraobe eta Lapuebla de Labarkako ikastolara esaterako. Honetaz gain, bide klip lehiaketaren bidez partea hartzea handituko dela aurreikusten dute.
2018ko BBG lehiaketa
Gaiaren aukeraketa talde bakoitzaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP moldeetan eta euskara hutsean egin beharko dute lana. Maiatzaren 4rako aurkeztu beharko dituzte lanak eta maiatzaren 12an BBG eguna antolatu dute Legution. Bertan, bideoklipak ikusi, bertsolari gazteen eskola arteko saioaz gozatu, sariak banatu, herri bazkaria, kontzertuak … egun osoko egitaraua antolatu dute. Sariei dagokionez, aurtengoan ere 4 sari nagusi eskainiko dituzte: bideoklip onena, originalena, webguneko bozkatuena eta txalometroaren saria. Guztiek irailaren 7, 8 eta 9an asteburu pasa bera izango dute saritzat. Hain zuzen, Eulaten (Nafarroan) kirol abentura, euskara eta sormenaz gozatzeko aukera paregabea izango dute saridunek, Urbasa natur parkean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!