Elkartasuna adierazi diete Tubacexeko grebagatik epaituko dituzten pertsonei
6 pertsona epaituko dituzte datozen hilabeteetan, ostegun honetan lehena. 20 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete guztira, Tubacexeko langileei zein Aiaraldeako bizilagunei.
Igandean, ekainaren 11an, agerraldi masiboa egin zuten Laudioko Tubacexeko fabrikaren atarian, greban parte hartzeagatik auziperatuta dauden pertsonei elkartasuna adierazi eta egoera salatzeko. Izan ere, Tubacexeko hiru langile eta Aiaraldeako hiru bizilagun epaituko dituzte datozen hilabeteetan protestetan parte hartu izanagatik.
2021eko urrian amaitu zen Tubacexeko greba. 236 egun eman zituzten greban langileek eta, grebaren emaiza arrakastatsua izan bazen ere, orain ondorio penalak jasan ditzakete 6 lagunek. Hiru Tubacexeko langileak dira eta 36, 21 eta 18 hilabeteko zigorrak eskatzen dizkiete, desordenak eta agintearen aurkako erasoak egotzita. Ostegun honetan, ekainaren 15ean epaituko dute horietako bat, 21 hilabeteko espetxe eskaera duena, eta Gasteizko Epaitegietan mobilizatzera deitu dute goizeko 9:30etan, auziperatuari elkartasuna adierazteko.
Irailean beste hiru pertsona epaituko dituzte, kasu honetan Aiaraldeako bizilagunak dira, Tubacexeko langileekin elkartasunez protestetan parte hartu zutenak, eta 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute haien aurka, Saratxoko piketeetan parte hartzeagatik. Igandeko agerraldian salatu egin zuten grebaren alde agertu ziren bizilagunak kriminalizatu nahi dituztela “muntai polizial” honen bitartez. Adierazi zuten beldurra sortzeko azpijoko bat dela, lan arloko borrokak zabaldu ez daitezen eta herritarrek ez dezaten borroka hauekin bat egin.
Tubacexeko beste bi langile ere epaituak izango dira grebako gertakariengatik, baina oraindik ez da epaiketaren datarik ezagutzera eman. Grebarekin lotutako epaiketa bat burutu zen jadanik, eta absolbitu egin zuten auziperatuta zegoen emakumea. Igandeko agerraldian hitza hartu zuen berak, eta esan zuen epaileak argi utzi zuela “ertzainak gezurretan” aritu zirela auzi horretan. Hala ere, ertzainen kontrako neurririk ez dute aditzera eman, “muntai poliziala izan zela agerian geratu bada ere.”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!