Elkartasun argiekin piztuko dute Tologorri mendia
Aiako Harrietan egin bezala, elkartasun argiek Tologorri mendia piztuko dute igandean Kataluniako herriari eta Altsasuko gazteei babesa adierazteko. Aiaraldeko eragile desberdinenek bultzatu dute ekimena.
Kataluniako herriari eta Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko argi ilara bat piztuko dute igande honetan, urriak 27, Aiaraldeko Tologorri mendian, “Espainiar estatuaren autoritarismoa eta injustizia” salatu nahi dituzte horrela. Aiaraldeko Gure Esku Dagore, mendi taldeen eta bestelako eragileen bultzadaz burutuko dute ekimena.
Igandean, arratsaldeko 17:45etan jarri dute hitzordua Lendoñogoitiko aparkalekuan. Bertatik mendi gailurrera abiatuko dira eta 19:30etan piztuko dute argi ilara mendiaren silueta jarraituz. Argazkia 19:30-19:45 tartean aterako dute Lendoñogoititik bertatik. Linternak eta bestelako argiak eramateko deia zabaldu dute.
Guztia antolatzeko bilera irekia prestatu dute gaurko, urriak 23, Amurrioko Mendiko Lagunak taldearen egoitzan, arratsaldeko 20:15etan.
Elkartasun argiak
Kataluniako Diadaren bezperan, irailak 10, ehunka mendizalek Montserrateko gailurrak argiztatu zituzten pereso politiko katalanei elkartasuna adierazteko. Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean elkartasun ekimen berdina burutu zen Aiako Harrietan Gure Esku Dago-k antolatuta. Asteburu honetan ere antzeko ekimenak burutuko dira Euskal herriko beste hainbat gailurretan, hala nola, Txindokin eta Anboton, urriaren 25ean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!