Elkarretaratzera deitu dute larunbaterako Laudion, Udalak hizkuntza eskakizunak direla eta jasotako epaia salatzeko
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak egin dute deialdi bateratua, euskararen normalizazioaren aurkako "oldarraldiari" erantzuteko.
Langile bati administrazioko hizkuntza eskakizunak betetzea eskatzeagatik Laudioko Udalak jasotako epaia salatzeko elkarretaratzea deitu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Laudioko herriko plazan izango da, larunbatean, 12:30etan, eta eragile politiko zein sozial guztiei luzatu diete batzeko gonbita.
Aste honetan ezagutu da hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile bati arrazoia eman diola Gasteizko epaile batek, horretarako hizkuntza aurreiritzietan oinarrituz. Epaileak argudiatu zuen, besteak beste, euskara “zaila” dela eta udalak “diskriminatu” egin zuela langilea. Laudioko Udalak epaileari adierazi zionaren arabera, kontratua langileak hasieratik zekien lanpostua galdu egin zezakeela lanpostuari zegokion hizkuntza eskakizuna bete ezean. Gauzak horrela, Laudioko Udalak epaiari helegitea jarriko dio.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen eskubideen aurkako “botere judizialaren oldarraldiaz” aritu zen atzo eta Laudioko Udalaren aurkako epaia ofentsiba horren baitan kokatu zuen. Erantzun bateratuak eman eta hizkuntza politikak defendatzeko beharraren ildoan deitu dute biharko mobilizazioa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!