Elkarretaratzea egin dute Mercedeseko langileek, produkzioa gelditu duten bi greba egunen ostean
Bi greba egun historiko egin dituzte Mercedesen, ekainaren 22 eta 29an. Gaur, ekainak 30, gehiengo sindikalak batera deitu dute greba (ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT), Arabako Metalaren greba orokorrarekin bat eginez. Bigarren deialdia uztailaren 6rako dute. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioek eragin dute tentsioa, urte eta erdi daramalako blokeatuta.
Tentsioa areagotu du ekainaren hasieran multinazionalak iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioak, sindikatuak «presionatzeko» erabili duelako zuzendaritzak eta, harekin batera, instituzio publikoetako ordezkariek. Izan ere, inbertsioa lan baldintzak «malgutzen badira» egingo dutela esan dute, baina sindikatuek ez dute uste horrek blindatuko lukeenik, eta txantaia dela salatu dute.
Ia 5000 dira Mercedeseko langileak, eta finkoetako %95 batu da egun horietan grebetara. Seigarren txandaren aurkako izan da aldarrikapen nagusietako bat. Izan ere, egun, bost egunez egiten dute lan gaueko txandan, eta seigarren bat gehitu nahi dio jardunaldiari enpresak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!