Eli Zaldua eta Samu Rodriguezek irabazi dute Bertxoko Sariketa
Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioak antolatutako sariketak baditu irabazleak: Eli Zaldua eta Samu Rodriguez. Aurreko Ostiralean jokatutako final handian atera ziren irabazle publikoen botoen gehiengoa eskuratuta.
Bertxoko irratsaioak euren 20.urteurrena ospatzen jarraitzen du Hala Bedi irratian sortu zenetik eta pandemian ostean sariketa martxan jartzea kostatu arren baditu aurtengo irabazleak. Final handia aurreko ostiralean iluntzean jokatu zen Hala Bedi irrati ondoko lokalean. Antolatzaileek lokala argi ilun eta apainketa bereziekin atondu zuten, espazio gozo eta beroa sortzeko asmoz. Entzule pila bat gerturatu ziren zitara eta lokala txiki geratu bazen ere giro paregabea sortzea lortu zuten bertsolariek.
Hasieran, Hala Bedi irratitko Babazorra irratsaioko neskak atera ziren euren “show”-a eta aurkezpena egitera eta Irati Martinez gai-jartzailearen laguntzaz bertsolariak agurtu zituzten: Paula Amilburu-Ane Arexolaleiba, Maddi Agirre-Aitor Najera eta Eli Zaldua-Samu Rodriguez bikoteak. Bertsolariek agur berezi eta musikatuekin eman zioten hasiera saioari eta kanporaketetan baino ariketa gehiagori aurre egin behar izan zieten: 8ko handia, 8ko txikia, puntu erantzunak… Serapioren rapa edo Sandwich mixto ariketek ere ez zuten hutsik egin, entzuleek barre gehienak bertan egin zituzten. Horren ostean, egoera bati aurre egin behar izan zioten bikoteek “kartzela” ariketan eta banaka sartzen eta abesten joan ziren.
Azkenik, koplaka eta puntuka egin zuten librean bozketaren unea heldu arte. Aurreko kanporaketetan bezala entzuleak bihurtu ziren epaileak eta papertxoetan irabazleen izenak idatzita Eli Zaldua eta Samu Rodriguezi garaipena ematea erabaki zuten. Entzuleek eta bertsolariek pozik eta lagunartean ospatu zuten garaipena Bertxokotarrek prestaturiko pikoteo goxo batekin. Beraz, lau saio jendetsu eta “ganberroen” ostean amaitutzat eman daiteke Bertxoko Sariketa baina seguru hurrengo urtean ere buetan izango dugula.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!