Ekoizpena gelditu dute Michelingo grebako bigarren egunean ere
% 90etik gorako jarraipena izan du grebak sindikatuen arabera. Eguneko hiru txandetan dago deituta greba.
Astelehenean bezala tailerretako ekoizpena etetea lortu dute grebaren bigarren egunean. % 95eko jarraipena aipatu dute sindikatu deitzaileek, “merezi dugun hitzarmena” lelopean egindako lanuzteetan.
Goiz goizetik piketeak izan dira fabrikaren sarreretan. Ondoren manifestazioa egingo dute fabrikaren hegoaldeko atetik arratsaldeko 18:00etan. Larunbatean, 10ean, bizikleta martxa egingo dute leku beretik goizeko 10:30etan.
ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek lau greba egun dauzkate deituta. Astelehenekoaz eta gaurkoaz gain, ekainaren 10ean eta 12an ere lanuzteak egitera deituta daude langileak, goizeko eta arratsaldeko txandetan kasu honetan. Erosteko ahalmena berreskuratzea eta KPIaren araberako igoera “tranparik gabe” bermatzea eskatzen dute, beste aldarrikapen batzuen artean.
Greba deitu duten sindikatuek eskatzen zuten lau urtean soldatak % 27 igotzea, baina enpresaren zuzendaritzak % 12ko igoera besterik ez zuen eskaini. Aldarrikapen nagusiak diren erosteko ahalmena eta KPIa berreskuratzeaz gain, lanaldiak murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere eskatu dituzte greban, besteak beste.
Sindikatu deitzaileek negozio esparru propioa eskatu dute estatu mailako mahai negoziatzailearen aurrean. Izan ere, ostiralean, ekainaren 9an izango da lantoki arteko batzordearen eta zuzendaritzaren arteko hurrengo batzarra, estatu mailako baldintzak adosteko balio dezakeena. Baina Gasteizko greba deitu duten sindikatuek esan dute “Gasteizko plantillak lantokien arteko batzordetik atera daitezkeenak baino lan baldintza askoz hobeak merezi” dituela, eta horretarako negoziazio esparru propioa beharrezkoa dela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!