Ekainaren 5ean Gasteizko kaleak hartzeko dei egun dute, “instituzioen arduragabekeriaren gainetik”
Herritar zein kolektibo ezberdinek egindako lan guztia balorean jartzeko eta udari behar bezalako ongi etorria emateko, 'Qué no nos quiten lo bailao!' ekimena iragarri du talde batek.
2021. urtea kaleak hartzeko urtea da!” aldarrikatu du herri ekimen honek bideo baten bitartez. ‘Qué nos quiten lo bailao!’ eta ‘dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko!’ lelopean, herritar talde honek ekainaren 5ean “gure onena emateko prest” eta Gasteizko kaleak hartzeko dei egin du.
Aditzera eman dutenez, urtebete da COVID19a gurera heldu zela eta “herritar antolatuek, beste behin, udal, gobernu eta gainontzeko instituzioei aurre hartu zioten”. Izan ere, azpimarratu dutenez, “Kutxiko tabernariak izan ziren lehenak herritarren segurtasunagatik beraien ateak ixten, inoren aginduei itxaroten egon gabe”. Handik egun gutxira gazte batzuek ‘Batera’ izeneko zaintza sare herritarra sortu zutela gogoratu dute, baita Fabriketako langile askok ere planto egin zutela, bizitza lehenetsiz. Halaber, espetxeetaraino elkartasuna, kultura munduko hainbat artisten egunak alaitzeko ekarpena, eta osasungintzako langileen egoera kaxkarra nabarmendu dute.
“Sumatzen genuen ordurako, geu ginela egoera hartatik onik ateratzeko geneukan irtenbide bakarra; herriak bakarrik salba zezakeela herria” aldarrikatu dute. Haien iritziz, “udal eta gobernuen arduragabekeriaren gainetik, herritarrok izan gara gure onena emanda, sormena baliatuz eta elkar zaintzeko bitartekoak bilatuz egoerak eskatzen zuen erantzukizunez jokatu dugunak, gu, eta ez haiek, ez dezagun ahaztu”. Ordea, orain “herritarrak garela egoeraz jabetzen ez garenak, arduragabekeriaz jokatzen ari garenak” ematen duela salatu dute.
“Gure agintariek lotsaren arrastorik balute, herritarrei lezioak ematen tematu beharrean, gu guztiona den diru publikoa osasungintzan inbertituko lukete lehenengo momentutik hasita” kritikatu dute. Horregatik, herritar zein kolektibo ezberdinek egindako lan guztia balorean jartzeko eta udari behar bezalako ongi etorria emateko, ekainaren 5ean Gasteizko kaleak hartzeko deitu dute, “elkar zaindu gaitezen, inor atzean utzi gabe”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!