Eusko Jaularitzari negoziazioa eskatuz hasi dute hezkuntzako greba dinamika
Lehenengo greba egunean eta batasun sindikala hezkuntzaren arloan apurtu den arren, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak kalera atera ziren Gasteizko mobilizazio nazionalean eta berdina egin dute martxoaren 15ean. Eusko Jaurlaritzari mezu zuzen bat helarazi diote: aurreko urtean bezala, negoziazio mahai eraginkorra exigitu diote.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak Gasteizera etorri ziren martxoaren 14an. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deitutako manifestazioa Eusko Legebiltzarrean hasi zen, Eusko Jaurlaritzak Lakuan dituen bulegoetan amaitzeko. Iturri ezberdinen arabera, 5.000 lagun inguru bildu ziren hiriburuko manifestazioan.
Bigarren egunean, martxoaren 15ean, grebak ere jarraipen zabala izan du, lehenengo greba egunak bezala. LAB sindikatuak “hezkuntza publikoko irakasleek greba egunean erakutsitako konpromisoagatik” zoriondu ditu. Aurreratu dutenez, irakaslegoari dagokionez, EAEko %70eko jarraipena izan du grebak.
ELAren arabera, irakasleen %75ak egin du greba; %65eko jarraipena sukaldaritzan eta garbiketan; %60koa Hezkuntza Berezian eta %30koa Haurreskoletan. Antzeko datuak zian dira asteazkenekoak eta ostegunekoak.
Irakasleen kolektiboarentzako eskaerak berriz errepikatu dituzte bi egunetan. Hezkuntza inbertsioa gutxienez Europako Batasuneko batez bestekora handitzea, ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea, gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea, gelako ikasle kopurua %10era jaistea, ordezkapenak lehen egunetik egitea… Helburuak lortu arte, borrokan jarraituko dutela adierazi dute.
Baina azken asteetan, hezkuntza arloan sikiera, batasun sindikala kolokan geratu da. Izan ere, beste arloetan -Haurreskolak, Heziketa Berezia, sukaldea eta garbiketa-, mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du LABek, sindikatu hau lehen indarra izanda hiruretan.
ELA eta STEILASek haserre hartu dute LABen hautua, “tamalgarria”, “ulertezina” eta “arduragabea” delakoan: leporatu diote sindikatuen aldarrikapenei erantzuten ez dien akordioa sinatzea, sektore guztietako aldarrikapen adostuak kontuan ez izatea eta batasun sindikala apurtzea. Hala ere, lehenengo bi egunetan, batera atera dira kalera.
Mobilizazio gehiago aurrerantzean
Negoziaketek hobetu ezean, apirila bukaeran irakasleen astebeteko greba aurreikusi dute sindikatuek. Are gehiago, ekainaren 12an ere guztiek batera egingo dute greba. Baina sektoreka ere aste osoko lanuzteak egingo dituzte:
- Irakasleek apirilaren 23ko astean -ELA, LAB eta Steilas-.
- Heziketa berezikoek maiatzaren 7koan -ELA eta Steilas-.
- Sukaldeko eta garbiketako langileek maiatzaren 21ekoan -ELA eta Steilas-.
- Haurreskolakoek ekainaren 4ko astean -ELA eta Steilas-.
- Aitor Idigoras (STEILAS): “Ebaluazio-sistemak kontrol-sistema bihurtu nahi dituzte, hezkuntza merkatuaren logikan instrumentalizatzeko”
- Hala Bideo | Erreportajea: “Hezkuntza aldapan gora”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!