Donemiliagak ere Lautadako osasun zentroen arreta “bizkor” berreskuratzeko eskatu dio Osasun Sailari, osoko bilkuran
Azaldu dutenez, Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua “nabarmen” murriztu da eta, horren ondorioz, kendu egin da eskualdeko gainerako anbulatorioetan guardiako zerbitzua eta aste barruko arretari ere egun bat kendu diote.
Donemiliagako Udalak, udalbatzan aho batez onartu den mozioan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio “bizkor” konpontzeko Arabako Lautadako osasun-zentroetako egoera. Pandemia aurretiko egoera berrezartzeko konpromisoa hartzea eskatu du langile, arreta-ordutegi eta zerbitzuei dagokienez.
Donemiliagako udalerria osatzen duten 15 herrietako herritarrak Araia, Agurain, Dulantzi eta Ozaetako anbulategietan artatzen dituzte. Publiko egin duten oharrean azaldu dutenez, Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua “nabarmen” murriztu da eta, horren ondorioz, kendu egin da eskualdeko gainerako anbulatorioetan guardiako zerbitzua eta aste barruko arretari ere egun bat kendu diote. Hitzordua hartzeko itxaronaldia luzatu egin dela ere baieztatu dute.
Erika Letamendi Donemiliagako alkateak nabarmendu duenez, “egoera horrek eragin larria du, ez bakarrik kopuruan, baita arretaren kalitatean ere”. Halaber, esan du herritarrek Udalera jo dutela, eta adierazi dutela egonezina dutela eta osasun-arreta okertzen ari zaiela. “Alde batetik, gaizki artatzen gaituzte eta, bestetik, badakigu profesionalak erabat saturatuta daudela eta horrek eragina duela zerbitzuaren kalitatean. Adineko jende asko bizi den landa-populazioa gara eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da ratio egokiak kalkulatzeko orduan”, gaineratu du.
Lehen mailako arretaren murrizketak Lautadan
Joan den astean, Barrundiako Osoko Bilkurak ere aho batez onartu zuen mozio bat, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzeko eskualdeko oinarrizko arreta “azkar” konpontzeko. Maiatzaren hasieran, halaber, Lautadako alkateek lehen mailako arretako murrizketak salatu ostean, elkarretaratzea egin zuten dozenaka herritarrek Araian, Osakidetzaren arreta zerbitzuko murrizketen aurka.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!