DISPORT EKI enpresaren administratzaileak langileen aurka egindako erasoak salatu dituzte
Arabako kirol-jardueren langileen plataformak zabaldu du DISPORT EKI enpresaren administratzaileak urteetan zehar langileekiko bortxazko jarrerak izan dituela, irainak eta mehatxuak tarteko. Joan den ekainaren 24an langile batek jasandako erasoaren harira egin dute salaketa publiko.
Joan den ekainaren 24an Arabako kirol-jardueren sektoreko enpresa handienetakoa den DISPORT EKIko arduradunak sorospen-zerbitzuko langile bat (plantillaren ordezkaria) erasotu zuen bultza, irain eta mehatxu eginez. Antza, enpresak emandako egutegiarekin ados ez zegoenez, “ados ez” bezala sinatu zuen langileak kontratua. Arduradunak egutegia kendu, apurtu eta langileari oldartu zitzaion.
Arabako kirol-jardueretako langileen plataformak zabaldu duenez, urteak dira arduradun horrek jarrera bortitzak, erantzun txarrak, tonu irteerak eta mehatxuak darabiltzala bere menpeko langileen aurka. Hortara, sektorean ordezkaritza duten sindikatuek diote ez dutela eraso gehiagorik onartuko, fisikoa edo ahozkoa izan.
DISPORT EKI enpresa Arabako kirol-jardueren sektoreko handienetako bat da eta hainbat zerbitzu publiko kudeatzen ditu egun; besteak beste, Gasteizko udal igerilekuetan uretako sorospen eta botikin zerbitzua.
Lan-baldintza duinen aldeko borroka sektorean
2020ko irailean greba egin zuten kirol-jardueretako langileek lan-baldintza duinak eskatuz. Izan ere, Udalak baldintza-agirietan aplikatutako murrizketen ondorioz eta enpresek zerbitzu horiek kudeatzeko egiten duten prezio jeitsieren ondorioz, tamalgarriak dira lan-baldintzak. Orduan Gasteizko Udalaren jarrera salatu zuten, gatazka sortu eta konpromezuak ez betetzeagatik. Gaur egun, baldintza duinen eta hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzen dute kirol-jardueretako langileek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!