Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista hustu dute
Ertzaintzak Legutioko Desjabetuon Hotela hustu du gaur goizean. Desalojoa gelditzera hurbildutako hainbat pertsona zauritu eta bi atxilotu dituzte. Kontzentrazioa deitu dute arratsaldean desalojoa salatu eta atxilotuen askatasuna exijitzeko.
Gaurko, ekainaren 28rako, zegoen ezarrita Legutioko Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistaren hustea. Protesta gisa eta elkartasuna antolatzeko, aurreko bi egunetan hainbat ekimen antolatu dituzte Legution. Gaur goizeko 9:00etarako Desjabetuon Hotelean ziren dozenaka lagun, goizean bertaratutakoak zein gaua Legution bertan igaro dutenak, espazioa babesteko.
Goizean zehar, Ertzaintzarekin eta sarrailagilearekin batera joan dira eraikinaren legezko jabeak eta sarrailak aldatu dituzte. 11:30etarako Ertzaintza eraikinaren barruan zen, desalojo agindua gauzatuz.
Lehen ordurako itxi dituzte kaleak ertzainek. Gedar langile kazetak kontatu duenez, desalojoari aurre egiteko hotelaren aurrean elkartu den jendearen aurka oldartu dira, lehen aldiz sarrailagilea sarrailak aldatzen ari zenean eta, bigarrenez, poliziek hotelaren aurreko alde osoa hartu dutenean.
Hedabide beraren arabera, hogei inguru izan dira Ertzaintzak kargetan zauritutakoak. Pertsona batek traumatismo kraneoentzefalikoa dauka eta grapak jarri dizkiote. Beste batzuei erradiografiak egin beharko dizkietela esan dute.
Ertzaintzak bi pertsona eraman ditu atxilo. Gaur arratsaldeko 17:00etan kontzentrazioa deitu dute Legutioko plazan, atxilotuak askatzea exijitu eta Desjabetuon Hotelaren desalojoa salatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!