Cantoblancon izango da larunbatean proiektu eolikoen aurkako bosgarren martxa
Datorren irailaren 25ean Arabako Mendiak Aske plataformak bere 5. mendi martxa egingo du. Mendi martxa hauen helburua gure lurraldean eraiki nahi diren zentral eolikoen mehatxupean dagoen ondare naturala ezagutaraztea da.
Udan honetan, Iturrietako Mendietan, Arkamun eta Labrazan eta Azazetan izan da Babestu maite duzun mendia dinamika. Oraingoan Cantoblancon izango da Araban eraikitzekoak diren proiektu eolikoen aurkako protesta. Azken ibilbidea urriaren 16an izango da Arlabanen. Horrela amaituko da sei ibilbideko dinamika, urriaren 23rako deitua den manifestazioari begira.
Sei proiektu eoliko daude egun martxan Arabako mendietan, fase batean edo bestean. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatua eta hainbat enpresa pribatudira arduradunak. Babestu Maite Duzun Mendia dinamika horietako leku bakoitzean izan da, mehatxupean dagoen ondare naturala ezagutarazi eta egoera salatzeko asmoz.
Bosgarren ibilbidea Cantoblancon
Iturrietako Mendietatik, Arkamotik, Labrazatik eta Azazetatik egindako ibilaldien ondoren, orain Cantoblancon izango dira larunbat honetan irailak 25.
Duela hilabete batzuk, sortu berri den enpresa batek Cantoblanco zentral eoliko bat jartzeko leku egokia dela erabaki zuen, eta “mendi martxa honekin, horrelako erabakiek eskualde osoaren etorkizuna arriskuan jartzen dutela islatu eta salatu” nahi du Arabako Mendiak Askek.
Azaldu dutenez, “horrelako erabakiekin Arkamoko KBEa eta bertan ematen den biodibertsitatearen ingurune naturala, elikadura eta habi-eremuak arriskuak jarriko dituzte; bestalde, Basquiñuelas, Arbigano, Pobes, Eskota, Subijana-Morillas, Ormijana, Artaza, Barron, Atiega eta Gesaltzako herrien bizimodua eta bizi-kalitatea kolokan jarriko dute”.
Erakundeen planifikazio falta nabarmena dela eta, herri horien arriskua bikoitza izan zitekeela gaineratu dute, Arkamo mendilerroan eraiki nahi den zentral eolikoaren eraginpean baitaude. Plataformaren arabera, landa-eremuko bizimoduari dagokionez eta herrien ikuspegitik, despopulazioa da enpresa horiek uzten duten etorkizuneko aukera bakarra.
Gatz Haranaren etorkizuna
Gatz Harana da zentral hauek ekar lezaketen arriskuaren adibide bat. Izan ere, gatz-iturburuetako emaria oso txikia da (segunduko 2 litro) eta aldaketa geologiko txikienak ere desagerrarazi egin dezake. Akuiferoa kutsatzea ere gertatu daiteke, eta ur hori erabilezina izatea. Gainera, dorreek 200 metroko altuera dute eta instalazioa eraikitzeko burdina, zementu eta ibilgailu astunak ibiliko dira inguruan eta zulo handiak egingo dira lurrean.
Era berean, litekeena da Gatz Haranak, zentral hau eraikiz gero, Gizateriaren Kultura Ondare izateko UNESCOren baldintzak ez betetzea, orain arte bezala. Kategoria hori garrantzitsua da eskualdearen ekonomiari dagokoinean. Horregatik, zentral horek landa-gunearen etorkizuna arriskuan jarriko lukeela uste du Arabako Mendiak Askek.
Cantoblancora irteera
Cantoblancora irteera goizeko 9:30ean aterako da Gesaltzatik eta herrian bertan bukatuko da. Cantoblancoko gailurrera igoko da eta ibilbide beretik jaitsi. Jardueraren amaieran, Aramaioko ordezkariek Jarindo mendiaren gailurrean egingo den hurrengo eta azken ibilaldiaren lekukoa hartuko dute,
Ibilbidea: GESALTZA – CANTOBLANCO – GESALTZA
Joan-etorriko distantzia (km): 12
Desnibela + (m): 550
Hasiera ordua: 09:30
Manifestuaren irakurketa eta jarduaren amaiera: 13:00
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!