Cantoblanco-ko parke eolikoaren proiektua aurrera doa: argitaratu dituzte administrazio-baimenaren eskaera eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena
Blackstone putre funtsa da Cantroblanco-ko parke eolikoa egingo duen enpresaren jabea.
Atzo argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA): Arabako Industria Administrazioaren lurralde-ordezkariak “Cantoblanco Parke Eolikoa” proiektuaren administrazio-baimenaren eskaera eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ditu dagoeneko.
Zortzi aerosorgailu eta 17 kilometroko goi-tentsioko linea eraiki nahi ditu Añana eta Erriberagoitiako lurretan, Iruña-Okatik pasata, Euskal Haizie enpresak. 2021ean sortutako entitatea da, Blackstone putre funtsarena.
Hogeita hamar eguneko epea dago orain alegazioak aurkezteko. Arabako Mendiak Aske plataformak, dagoeneko, hainbat protesta egin ditu proiektu horren aurka.
Joan den ostiralean Euskal Haizie enpresak Zalla, Gueñes eta Gordexolako udalei beste parke eoliko bat egiteko asmoa komunikatu zien. Herri horietako alkateak aurka agertu ziren, proiektuak “eragin larria” izango lukelako “ondare naturalean eta paisaian”, GARAk jaso duenez. Azkenean atzera egin behar izan du enpresak, ez delako nahikoa elektrizitate indar iristen konektatuko zuten subestaziotik. Nahi izan balute, Tapia Legea balia zezaketen udalen iritziaren gainetik parke eolikoa ezartzeko.
Euskal Haizie enpresa Blackstone putre funtsarena da
Euskal Haizie ez da Euskal Herriko enpresa. GARAn argitaratu dutenez, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean jasota dagoen bezala, sozietate mugatu hori 2021eko otsailaren 19an sortu zuten, 90.000 euroko kapitalarekin eta bazkide bakar batekin: Fisterra Energy Sociedad Limitada. Egoitza Madrilen duen enpresa da, hori eta, aldi berean, Fisterra Energy Holdings du bazkide bakarra. Bere webguneak guztiaren benetako jabea nor den adierazten du: Blackstone inbertsio-bankua, besteak beste, Espainiako Estatuan 20.000 etxebizitza baino gehiago kontrolatzen dituen funts putrea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!